13:35

Politika

Bigarren ezetza Pedro Sanchezi

Sanchezen porrotak bi hilabeteko ziurgabetasunari ateak ireki dizkio

EITB.EUS

Bi hilabeteko negoziazioak daude arretik eta akordiorik izan ezean, lau hilabete barru izango dira hauteskundeak. Ciudadanosek eta PSOEk beste alderdiekin negoziatzen hastea adostu dute.

1:32
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pedro Sanchezek inbestidura saioan bigarren ezetza jasota, bi hilabete dituzte aurretik alderdiek akordioak lortu eta hauteskundeak ekiditeko. PSOE eta Ciudadanos alderdiak gaur goizean bildu dira eta, elkarri eskua emanda, gainerako alderdiekin negoziatzen hastea erabaki dutela iragarri dute.

Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko eta Antonio Hernando PSOEko bozeramaileek adierazi dutenez, ez dute inor baztertuko eta talde eta gizarte erakundeekin biltzeko aukera ere aurreikusten dute. Azken asteetan egindako lana eta inbestidurarako adostutako agiria txalotu dute biek eta beste indar batzuk gaineratzeko lanean hasi direla iragarri dute.

Giraultek iragarri duenez, PSOEren eta Ciudadanosen arteko itunarekiko interesa duten indar politikoekin "harreman bateratuak" izatea eta interesa duten horien proposamenak "gogo betez entzutea" erabaki dute.

Ciudadanoseko bozeramaileak zehaztu duenez, alderdi guztiekin hitz egiteko prest daude, hala ere, ez du argitu PPrekin egindako balizko elkarrizketatan Mariano Rajoyk parte hartuko due ala ez. "PP da bere erabakien jabe, jada ez dugu horretaz hitz egingo, edukiez baizik", gaineratu du. Halaber, Ciudadanos prest agertu da Podemosekin eta haren lurraldekako koalizioekin -En Marea, En Comu Podem eta Compromis-Podemos- hitz egiteko, beti ere, Konstituzioa, lurralde batasuna eta burujabetza nazionala errespetatzen badute.

Antonio Hernando PSOEko bozeramailea pozik agertu da gobernu akordioa lortzeko PSOEk eta Ciudadanosek izan duten gaitasunagatik. PSOEk eta Ciudadanosek elkarrekin negoziatzeak PSOEren eta ezkerreko alderdien arteko bilerei ateak itxiko dizkien ala ez galdetuta, Hernandok azpimarratu du bilera guztietan PSOEren eta Ciudadanosen ordezkariek parte hartuko dutela. "Egoera horretatik irteteko asmoa eta gogoa duten horiekin guztiekin", adierazi du.

PSOEren presidentegaia Pedro Sanchez dela berretsi ondoren, Hernandok nabarmendu du Rajoyk "inondik inora" ere ezin duela proiektu hori gidatu.

Ciudadanosekin adostutako akordio horrek etorkizuneko hauteskundeetan jarraipena izan dezakeen galdetuta, legegintzaldiko akordioa dela, baina bi alderdiek beren autonomiari eusten diotela azpimarratu du.

PSOEren zuzendaritzak bilera egingo du datorren astelehenean egoera aztertzeko eta gobernua osatzeko aukerei eusteko hurrengo pausoak zehazteko.

Mariano Rajoy jarduneko presidenteak, berriz, PPrekin akordioa lortzeko eta, bestela, hauteskundeak irabazi zituenari gobernatzen uzteko eskatu dio gaur Sanchezi. Alderdiko alkate eta afiliatuekin Salamancan egindako ekitaldian esan ditu hitzok.

Euskadi

Euskal alderdiek ere atzoko inbestidura saioan Sanchezi ezezkoa eman eta gero, euren iritzia eman dute gaur.

Joseba Egibar (EAJ) jeltzalearen ustez, PSOEk bat egin behar du Podemosekin eta beste alderdiekin. Hortik ez baldin bada formula berri bat sortzen hauteskundeak errepikatu egin beharko direla esan du. “Edo koalizio handi bat egiten dute PP-Ciudadanos alderdiek edo Sanchezek berriro saiakera egiten du beste akordio zabalako bat oinarri hartuta. Bestela, hauteskundeak berriro egin beharko dira”, esan du Egibarrek.

Oskar Matute EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, botere ekonimikoen presioa handitu egingo da orain. “Ikusiko dugu ekonomia gailentzen zaion politikari, edo azken honek eusten dion”.

Antonio Pastor PSE-EEko parlamentari sozialistak bere aldetik, esan du PPk ez duela atzera egingo eta ez dela koalizio handia ez eta sozialisten abstentziorik izango. “Itxaropenik izan ez dezatela”, adierazi du. Gainera, inbestidura saioetan ikusi denez, koalizio handia PPk eta Podemosek osatutako dela gaineratu du.

Laura Garrido PPko parlamentariak uste du PSOEk bere alderdiari betoa jarri diola, baina bere ustez koalizio handiak bakarrik eman dutela egonkortasuna.

Eta, orain zer?

Aurreko martxoaren 2an, lehen inbestidura eztabaidaren egunean, hain zuzen, abiarazitako bi hilabeteko epea, hautagai baten inbestidurarako babesak lortzeko, maiatzaren 2an agortuko da.

Epe horretan, alderdiek aukera asko dituzte, itunak desegin ditzakete, besteetara zabaldu eta, gainera, hautagaiak aldatu. Aldi horretan alderdiek bilerak egingo dituzte euren artean, baina Felipe II.a erregearekin ere batzartuko dira tarteka, aurreko azaroaren 20ko hauteskunde orokorren ostean egin duten bezalaxe.

Behin epea agortzen denean, aipatutako maiatzak 2an, inork ez baldin badu Kongresuaren babesa lortzen, Patxi Lopez Ganberaren presidenteak Senatua eta Kongresuar desegiteko prozesua abiatzeko erregearen sinadura eskatuko du, hauteskunde berriak deitu eta Senatuko presidenteari jakinarazi beharko dio.

Ondoren, hauteskundeak deitzean abiatu ohi den prozesua egin beharko da berriz, kanpaina egin beharko dute, paper-botoak bidali… eta bozketa ekainaren 26an izango da.

 

trong>

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena