Politika
Otegi, aske
EITB.EUS
Ezker abertzaleko buruzagiak kartzelatik atera osteko lehendabiziko mitin politikoa eskainiko du. Ekitaldiak piztutako ikusmina tarteko, antolakuntzak karpa bat jarriko du belodromoaren kanpoaldean.
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Seiak pasata sartu da Arnaldo Otegi Anoetako belodromora, joaldunez lagunduta. Ekitaldia 17:30ean hastekoa bazen ere, atzerapenarekin hasi da Anoetako belodromora sartzeko ilara luzeak sortu direlako eta jende andana bertara sartu ezinik gelditu delako. Antolakuntzak karpa bat jarri du barrura sartu ezin izan duten horientzat. Horrela, belodromoko ekitaldia hasi aurretik Otegi belodromo kanpoaldeko karpara bertaratu da han bildutakoei babesa eskertzeko.
Ondoren, karpa utzi eta belodromorako bidea egin du. Aurrez aipatu bezala, joaldunek lagundu diote ezker abertzaleko beste buruzagiak zeuden tokira.
Arnaldo Otegi. Argazkia: EiTB
Behin Arnaldo Otegik tokia hartu duenean, ekitaldia hasi da Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolarien saioarekin. Segidan, Xabi Solano eta Esne Beltzako kideak igo dira oholtzara eta "Gogoan" eta "Bozgorailuetatik" abestiak jo dituzte. Gero, trikitilarien eta dantzarien txanda izan da.
Logroñoko kartzelatik atera eta lau egunera, Arnaldo Otegiri ongietorri ekitaldia egiten ari zaizkiote Anoetako belodromoan (8.500 lagun hartzeko prestatuta dago).
Gaur ekitaldiari buruzko xehetasun gutxi eman dituzte antolatzaileek (ordu eta erdiko iraupena izatea espero da), baina edozein kasutan Arnaldo Otegik hitzaldia eskainiko du aste honetan Logroñoko kartzelaren atarian eta Elgoibarren egin bezala.
Ekitaldiak sortu duen ikusmina tarteko, antolakuntzak karpa bat jarriko du belodromoaren kanpoaldean -5.000 lagunentzako edukiera izango duena-. Aipaturiko karpa horretan pantaila erraldoi bat dago, belodromo barruan gertatzen ari dena bertatik bertara jarraitzeko. Halaber, antolakuntzak haurtzaindegi zerbitzua eskaini du.
Anoetako belodromoaren barrualdea, ekitaldia hasi aurretik. Argazkia: EiTB
Ekitaldian militanteez eta herritarrez gain, ezker abertzaleko eta EH Bilduko "lehen lerroko" ordezkariak eta kideak izan dira.
Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi, Hasier Arraiz eta Amaia Izko. Argazkia: EiTB
Nazioarteko hainbat pertsonak beren atxikimendua eman diote Arnaldo Otegiri, tartean, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak, Kgalema Motlante Hegoafrikako presidente ohiak, Cuauhtemoc Cárdenas Mexiko hiriko alkate ohi eta Mexikoko presidente izateko hautagaiak edota Jose Manuel Zelaya Honduraseko presidente ohiak.
Bestalde, Sortuko iturriek azaldu dutenez 'Free Otegi-Free Them All' kanpainak oihartzun zabala izan du nazioartean eta aurretik atxikimendua eskaini zutenetako batzuk mezu bat bidali dute Otegi espetxetik irten dela ospatzeko, tartean, Palestinako FDLPk, HDPk eta European Free Alliancek.
Bestalde, ezker abertzaleko eta EH Bilduko ordezkariez gain belodromoko ekitaldira gerturatu dira Galizia (BNG eta Nova Irmandade Nacionalista) Asturias, Herrialde Katalanak, Aragoi, Gaztela eta Andaluziako hainbat ordezkari.
Argazkia: eitb.eus
Gizarteko hainbat aurpegi ezagunek babestu eta bultzatu dute belodromoko ekitaldi hori, besteak beste, Ramon Agirre aktoreak, Amets Arzallus bertsolariak, Martin Garitano ahaldun nagusi ohiak, Iñaki Artola eta Mikel Olaetxea pilotariak, Arritxu Iribar kazetaria, etab.
Belodromoa jendez bete da. Argazkia: eitb.eus
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa