Itxi

Politika

Polemika Legebiltzarrean

'Falangistak', 'terrorista'... Tentsioa Martxoaren 3ari buruzko saioan

eitb.eus

Duela 40 urteko sarraskiak polemika bizia eragin du talde parlamentarioen artean.

Tentsioa Eusko Legebiltzarrean

Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko eztabaidak tentsio handia piztu du Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta PPk irainak esan dizkiete elkarri; Gorka Maneiro UPyDko parlamentaria bota egin dute saiotik, eta ordezkari popularrak ere joan egin dira.

Gaur 40 urte, Espainiako Poliziak bost langile hil eta 100dik gora zauritu zituen Gasteizen, San Frantziskoren elizan asanblea egiten ari zirela tiro eginda. Hori horrela, EH Bilduk biktimen egoera eraman du gaur Legebiltzarrera.

Bere agerraldian, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du Martxoaren 3ko sarraskia ez dela inoiz ikertua izan, eta asteon biktimen omenezko monolitoei eraso egin dietela ekarri du gogora. Monumentu horietako batzuetan, Falange Españolaren pegatina bat agertu da.

Testuinguru horretan, ordezkari abertzaleak Falangearekin alderatu ditu egungo PPko parlamentariak: "Manuel Fraga, Iñaki Oyarzabal, Carmelo Barrio, Falange… Errealitate politiko berdinaren adierazpenak baino ez dira horiek guztiak".

Hitz horiek PPko parlamentariak eta Gorka Maneiro (UPyD) sumindu dituzte, eta "lotsagarriak" direla salatu dute.

Une batean, Javier Ruiz Arbulo PPko kideak "terrorista" deitu dio Arzuagari, eta Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak irain hori erretiratzea eskatu dio, bederatzi aldiz. Azkenean, buruzagi popularrak onartu egin du hori egitea.

Horren ostean, Arzuaga agerraldiarekin aurrera egiten saiatu da, baina Maneirok eta PPko kideek protesta egiten jarraitu dute, eta haren hitzak "onartezinak" direla aldarrikatzen.

Hori horrela, Tejeriak saiotik bota du Maneiro, eta legebiltzarkide popularrek saiotik alde egitea erabaki dute. Hori bai, bueltatu egin dira bozkatzeko.

Legebiltzarraren adierazpena

Eztabaida politikoari dagokionez, EH Bilduk adierazpen bat adostu du EAJrekin eta PSErekin, eta PPk puntuka bozkatzea eskatu du, ez zegoelako ados Justiziari "inakzioa" egozten zion puntuarekin.

Nolanahi ere, koalizio abertzaleak errefusatu egin du puntukako bozketa, eta azkenean talde parlamentario guztiek babestu dute adierazpena.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak "inakzioa" egotzi dio Justizia Administrazioari, eta eskatu dio "giza eskubideen nazioarteko legedia" onar dezala, eta, hortaz, "gertakizun lazgarri haiek ikertu" ditzala, "ondorioztatu daitezkeen ardura penalak" ezartzeko.

Halaber, "gaitzetsi" egin du sarraskia, eta "elkartasuna" adierazi die Martxoaren 3ko biktimei eta horien senideei.

Gasteizko Ganberak aldarrikatu du "bote publikoaren agenteek eragindako giza eskubideen urraketen biktimei aitortza, erreparazioa, errehabilitazioa eta kalte-ordaina eman behar zaizkiela, beste biktimekiko berdintasunean eta inolako bazterkeria eta mailaketarik gabe".

Horrenbestez, Legebiltzarrak eskatu dio Espainiako Gobernuari Martxoaren 3ko biktimei "dagokien aitortza eta erreparazioa" eman diezazkiela eta "Eusko Jaurlaritzari ezen bere ahalmen eta eskumenen arabera jarrai dezala biktima hauen eskubideak gauzatzen".