12:26

Politika

Eskola-jantokiak

Eskola-jantokien auzia Fiskaltzara eramatea eskatu du Legebiltzarrak

Agentziak| Erredakzioa

Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri zien joan zen hilean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan jantoki-zerbitzua emateko kontratua izan duten zortzi enpresari.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio Fiskaltzaren aurrera eraman dezala Lehiaren Euskal Agentziaren txostena, eskola publikoetan jantoki-zerbitzua ematen duten zortzi enpresek prezioak adostu zituztela dioena, hain zuzen ere.

Aipatu ebazpena Ganberaren osoko bilkurak onartu du, ostegun honetan izan duten eztabaidaren ostean (EH Bildu, PP eta UPyD alderdiek hala eskatuta). Azkenean, EH Bilduk zuzenketa bat adostu du EAJ eta PSErekin batera. Zuzenketa horrek UPyDren aldeko botoa eta Alderdi Popularraren kontrakoa jaso du.

Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri zien joan zen hilean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan jantoki-zerbitzua emateko kontratua izan duten zortzi enpresari. Erakunde horrek frogatutzat jotzen du enpresa horiek zerbitzuaren prezioa adostea erabaki zutela merkatua euren artean banatzeko, lehiaren arauak urratuz.

Ekimen horren bidez, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio iker dezala kasu horretan ondare-kalterik gertatu ote den, eta, hala badagokio, has ditzala "beharrezkoak diren legezko ekintzak, diru-kutxa publikoari ordaina emateko".

Horrez gain, sektoreko agenteekin lanak areago ditzala ere eskatu dio Gobernuari, eskola-jantokien kudeaketa-eredua moldatu eta ikastetxe bakoitzak hauta ahal izan dezan zerbitzu hori kudeatzeko erarik aproposena.

Alderdien arteko eztabaidan, PPk eta EAJk elkarri zuzendu dizkieten gaitzespenak nabarmendu dira. Alderdi Popularreko Iñaki Oyarzabal legebiltzarkideak adierazi duenez, "honako hau ustelkeria kasu bat da", eta irregulartasunen "jatorria"  Eusko Jaurlaritzak diseinatutako kontratazio-sisteman bertan dagoela esan du. Bere alderdiak ez du babestu onartutako zuzenketa, nahikoa ez dela iritzi baitio.

Juan Antonio Arieta-Araunabeña EAJko legebiltzarkideak Oyarzabali aurpegiratu dio auzi horren nondik norakoen erantzule egungo Gobernua egin nahi izatea, Lehiaren Euskal Agentziak zigortu duen akordioa 2003koa denena.

Bere aldetik, Iñaki Lazarobasterrek (EH Bildu) eskola-jantokien zerbitzua arautzen duen sistema hobetzearen beharra nabarmendu du. Hori dela eta, ikastetxe bakoitzak zerbitzu hori ematen duten enpresekin “zuzenean negoziatzeko aukera” izateak duen garrantzia azpimarratu du.

Jose Antonio Pastor PSEren bozeramaileak esan du, auzi horrek argiro utzi duela kontratazio publikoaren esparruan “merkatu gatibuak” daudela, eta egoera horri aurre egin behar zaiola.

Azkenik UPyD alderdiak, bere eledun Gorka Maneiroren bidez, enpresen artean adostutako prezioek “200 milioi euroko gain-kostua” ekarri dutela salatu du; horrez gain, kritikatu egin du urteetan zehar ondorengo gobernuek nahiago izan dutela “albo batera begiratzea”.

ra begiratzea”.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena