Politika
PEDRO SANCHEZEN INBESTIDURA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ika-mika gogor batean, Espainiaren berritze demokratikorako oztopo izatea egotzi dio Rajoyri Sanchezek. Iglesiasek, berriz, berriro negoziatzeko eskua luzatu dio Sanchezi.
Albisteak (2)
Azken urteotako inbestidura eztabaida mikatzena izaten ari da martxoaren 2ko hau.Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteak ironia erabili du Pedro Sanchezen Presidentetzarako hautagaitza gutxiesteko, eta herritarrei "engainatzea", "bluff" bat eta Espainiarentzat "mehatxu bat" izatea egotzi dio. Berak ez bezala, Sanchezek erregeari berari ziria sartu diola uste du PPko buruzagiak.
"Nik ez nuen inor engainatu, ez erregea, ez Kongresua ezta herritarrak ere", esan dio PPko presidenteak Sanchezi. Hasieratik bertatik, argi utzi du zer bozkatuko duen Alderdi Popularrak: "EZ".
Gogor aritu zaio jarduneko presidentea sozialisten buruari. PSOEren eta Sanchezen estrategia "vaudeville" bat izan da, eta Kongresura "fikziozko inbestidura bat" eramatea egotzi dio: "Babesik gabe, besteek zuok konpondu nahi izan ez duzuena konponduko dutelakoan. Zuon biziraupena baino ez duzue buruan izan, beste ezeren gainetik".
Horren ustez, Sanchezek hilabete eman du babesak biltzeko, eta "ez du atzamar bat ere mugitu gobernua osatzeko". "Agian gobernua oparitu egingo dizutela uste duzu", erantsi du.
Hala, PPren buruak aurpegiratu egin dio Sanchezi "komeria" egitea azken hilabetean, biziraupena ziurtatu eta "hauteskundeen alde" egiteko, Podemosekin akordioa lortzea ezinezkoa zela ikusi eta gero, Pablo Iglesiasen "exijentziengatik".
Era berean, Rajoyk ziuratu du iraganak ez diola laguntzen Sanchezi, sozialistak baitira "defizita eta langabezia ereiten dutenak, azaroak katarroak eta udaberriak alergiak ekartzen dituzten modu natural berarekin".
"Nork ziurtatutako gaitu ez duzuela aurrekoa errepikatuko?", galdegin die jarduneko presidente espainiarrak sozialistei. "Suntsitzailea" litzateke, ohartarazi du, bere Gobernuak martxan jarritako erreformak bertan behera uztea.
Rajoy, 'berritzearen tapoia', Sanchezen esanetan
PPko buruzagiari emandako erantzunean, Espainiaren "berritze eta eraberritze prozesuaren tapoia" izatea leporatu dio Sanchezek. Sozialisten idazkari nagusiaren aburuz, Rajoy "iruzurra" da herritarrentzat. Hitzaldian "irainak eta deskalifikazioak" behin eta berriz erabiltzeagatik kritikatu du, gainera.
Ika-mika luze eta bizian ibili dira Espainiako bi alderdi nagusiak, baina eztabaidaren une gorena Sanchezen kritika hori izan da, "berritzearen tapoia" izatearena, alegia.
Rajoyren hitzaldiaren ondotik, minduta agertu da Sanchez. Horren arabera, "iraina eta deskalifikazioa" baztertuko dituen gobernu baten aldekoa da bere proposamena, "bai formetan bai edukietan".
Pedro Sanchezen iritzian, "inposizioa eta harrokeria" erabili ditu Rajoyk, eta inbestidurara ez aurkeztea erabakita, "erantzukizunez" jokatu ez zuela nabarmendu du. "Estatuburuari ezetz esan zenion, eta demokraziaren erlojua geldiarazi zenuen", eta jarrera horrekin, "espainiarrei eta, batez ere, botoa eman zizuten zazpi milioi lagunei errespetua galdu zenien", esan dio Sanchezek Rajoyri.
Arratsaldearen azken orduan, Pedro Sanchezek itxi egin du inbestidura saioa diputatuei, bereziki ezkertiarrei, "aldaketa" martxan jartzea eskatuz.
"Bozketa honetan, gutako bakoitzak baiezko edo ezezko botoa eman ahal izango dugu, guk erabaki dugu dagoeneko: baietz bozkatuko dugu", esan du bere eserlekutik, Antonio Hernando PSOEren taldeko bozeramaleak hitza hartu eta gero.
"Martxan jar dezagun aldaketa, aldaketaren indarrek adostutako abiaduran, baina aurrera egin dezagun", azpimarratu du.
Sanchezek betetzat jo ditu Erregearen eskaera jaso zuenean jarri zituen hiru helburuak, espainiarren, diputatuen eta Estatuko erakundeen aurrean.
Iglesiasek oligarkien eta botereen aurrean amore ematea egotzi dio
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia ere gogor aritu da bere hitzaldian, Kongresuan diputatu gisa egin duen lehendabizikoan. Aurrena, eraso gogorra jo du sozialisten aurka. Ciudadanosekin akordioa itxita, irizpideak eta oinarriak alboratu, eta oligarkien eta finantza-botereen aurrean amore ematea egotzi dio Sanchezi. Dena dela, oraindik garaiz dagoela esan dio buruzagi sozialistari, eta negoziatzeko eskua luzatu dio, berriro, Iglesiasek.
"Eztabaida honetan oligarkien planaren lehenengo emanaldia jaso dugu, eta Espainiako aldaketa sakona egiteko aukerak ixten ditu", salatu du "koalizio handiari" aipamena eginda. Gainera, hitzaldian, esan du "burujabetza Estatuetatik nazioen gaineko erakundeetara" pasa egin dela. "Globalizazioak herriaren subiranotasuna, berdintasuna, anaitasuna eta askatasuna iraintzen du egunero", zehaztu du.
"Herria pozoitzen dutenen gorroto iturri izatea, ohore bat da", esan du Podemoseko buruak, bere izen-abizen berberak zituen Pablo Iglesias PSOE alderdiaren sortzailearen hitzak gogora ekarriz. Ciudadanosekin itxitako akordioarekin PSOE Alderdi Popularrera gerturatu dela gaineratu du.
Alderdiaren printzipioei eusteko, eta PSOEren iragana "kare biziarekin zikindu" zutenen bidea ez jarraitzeko eskatu die Iglesiasek sozialistei. GALen eta Felipe Gozalez Espainiako presidente ohiaren urteetan PSOE "Estatu krimenen alderdi" bilakatu zela esan du.
Horren ildotik, eskatu du ez fidatzeko Ciudadanosekin eta Albert Rivera bere buruarekin, "boterearen hautagaia" dela esan du, eta inbestidura honen "garailea" da "Sanchezen kontura". Iglesiasen iritzian, Riverak ez du "zalantzarik izango PPri (Sanchez) eskaintzen aukera duen bezain pronto", "Diktadurako zazpi ministrok sortutako" alderdiari eta "totalitarismoaren mamua astintzen ari da" Podemosen aurka egiteko, salatu du.
Aldiz, PSOEren hautagaiak berreskuratu egin behar du, Iglesiasen hitzetan, lehengo sozialisten izaera, hau da, "talentudun gizon eta emakumeak", Iglesiasen aitona bera bezalakoak -gogorarazi duenez- euren printzipioen defentsan "kartzelara eramaten zituzten, enpresa handien Administrazio Kontseiluetara beharrean".
Rivera: 'Gora ustelkeriatik aske dagoen Katalunia'
Tonu apalagoan, baina erasokor aritu da Albert Rivera Ciudadanoseko burua ere. Horren iritzian, Podemosen barruan erreferenduma baldintzatzat jartzen dutenen esanetara dago Iglesias, eta horregatik ezin du PSOE-C?S akordiora batu. Zatiketa ekarriko duten erreferendumik ez dutela "inoiz" onartuko berretsi du Riverak.
Konstituzioaren erreforma beharrezkotzat jo du Ciudadanoseko kideak, eta horretarako, PPren laguntza eskatuko dutela ziurtatu du. Lurraldetasunari buruzko eztabaiden aurrean "jarrera inmobilistak" izatea ez dela bidea nabarmendu du, eta hori esaten ari zela, Kataluniako diputatu batek "Visca Catalunya lliure" oihukatu du bere eserlekutik. "Gora ustelkeriatik aske dagoen Katalunia", erantzun dio Ciudadanoseko buruzagiak.
Alderdi Popularrari ere zuzendu zaio bere hitzaldian Rivera, PSOE-C?s ituna ahalbidetu dezala eskatuz, gainontzean Pablo Iglesiasi eta independentistei babesa ematen ari delakoan.
PSOErekin lortutako ituna defendatu du eta "elkarrizketak izateak nagikeria eragiten dietenei", "iraindu" baino ez egin nahi dutenei eta "zuri-beltzean" bakarrik ikusten dutenei ohartarazi die "garai oso ilunak" datozkiela".
Horren ildotik, Riverak ziurtatu du bere alderdiak "espainiarren alde lan egitera" joan dela Kongresura, horiek baitira "soldata ordaintzen" dizkietenak. Gainera, "aulkiak lortzeko ez borrokatzeko" eta herrialdean pentsatzeko eskatu die gainerako alderdiei.
Tarda: "Danok kartzelara!"
Joan Tarda ERC Kongresuan duen bozeramalea baliatu egin da inbestidura saioan egindako hitzaldiaz iragartzeko kontrako botoa emango dutela Pedro Sanchezen hautagaitzaren gaineko bozketan, eta, bide batez, iragarri du independentziaren aldeko alderdi katalanek bide orria aplikatuko dutela "ondorio guztiekin".
"Gutxi barru prozesu konstituziogilea abiatuko dugu eta, herritarrek hala nahi izanez gero, Kataluniako Errepublika ere iragarriko dugu", ziurtatu du Tardak.
ERCren ordezkariaren esanetan, Pedro Sanchezek ez da zintzoa esaten duenean konponbidea Konstituzioaren erreformak ekarriko duela, jakin badakienean, "hori ez dela posible", testu hori "gehien blokeatuenetakoa delako, erreforma saihesteko".
ERCren bozeramalea, hitzaldian. Irudia: ERC
"Zuen esku dagoen bunker bat da, alegia, Ciudadanosen eta PPren esku, eta kataluniarrak, euskal herritarrak eta galiziarrak beti izango gara gutxiengoa demografiari erreparatuta, zuen esku, zuek, Katalunia nazio gisa onartzen ez duzuen horiek, eta diozue ez duzuela sekula ere egingo", gaineratu du.
Tardaren ustean, Sanchezek abiarazitako joerak "preso politiko" berriak eragingo ditu, eta "erakundeetan desobedientzia zibilaren jaiotza" sorraraziko du. "Kargugabetuko gaituzte, gaitasungabetuko gaituzte eta, azkenean, kartzelatuko gaituzte". "Danok kartzelara!", esan du Tardak Berlangaren filma aipatuta, "danok kartzelara!", diputatuen irrien artean.
Homs: "Rajoyren kopia txar bat"
Francesc Homs Democracia i Llibertat alderdiko bozeramalearen esanetan, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak "Rajoy jaunaren kopia txar bat" dela erakutsi du orain arte, Kataluniako burujabetzaren debateari dagokionean.
Inbestidura saioan egindako hitzaldian, Homsek ohartarazi egin du Sanchezek ez duela "ezer hitz egin nahi independentistekin", Mariano Rajoyk bezala, hau da, "bi milioi herritarrekin" (DiL gehi ERC).
Democracia i Libertat alderdiaren bozeramalea. Argazkia: EFE
Halaber, PSOEren buruak legera jotzen du "politika ez egiteko aitzakia gisa", berriz ere, Rajoyk egiten duen bezalaxe.
Datorren astelehenetik aurrera "kontagailua zerotik abiaraztea" proposatu dio Homsek Sanchezi, DiL prest baitago gobernu aldaketan "laguntzeko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa