19:57

Politika

Otegi, aske

'Bakea promestu genuen eta ekarri egin dugu; orain irabaztea falta da'

eitb.eus

Otegik esan du "pozten" dela "lehen bizkartzainak zituzten pertsonak orain bakean eta aske bizi daitezkeelako".

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Hitz eman genuen bakea ekarriko genuela, eta ekarri dugu. Orain irabaztea falta da", adierazi du Arnaldo Otegi esker abertzaleko buruzagiak, espetxetik atera eta gero sorterrian, Elgoibarren, egin dioten ongietorri ekitaldian.

Batasuneko bozeramaile ohiak hitzaldi laburra eskaini du, ehunka jarraitzaileren aurrean, jai giroan egindako ekitaldian. Bertan senideak, lagunak, politikariak eta herritarrak izan dira.

Buruzagi abertzalea "pozik" agertu da, "lehen bizkartzainak zituzten pertsonak orain bakean eta aske bizi daitezkeelako". "Eta zintzoki pozten naiz, baina gaur bihotzean ditudanak 30 urtez espetxeetan seme-alabak bisitatu dituzten gurasoak dira", gaineratu du.

Hitzaldian, Otegik esan du "independentisten ate birakari bakarrak espetxeenak" direla, besteenak "administrazio kontseiluenak" diren bitartean.

Horren ildotik, aipatu du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak esan duela "terrorista arriskutsua" dela. "Ba, martxoak 3ko sarraskiaren urteurrenerako egun gutxi falta direnean, Los Chikos del Maiz taldeko abesti baten hitzak gogora ekarri nahi ditut: 'terrorismoa Manuel Fraga da, Gasteizen (langileak) hiltzen'". "Argi gera dadila ez dudala nik esaten, Los chikos del maizek esan duela, badaezpada", erantsi du.

Bestalde, Otegik zehaztu du "gure borroka" ez dela inoiz izan "herri gazteleraren, Vallecaseko langileen eta Andaluziako jornalarien aurka, baizik eta herrien askatasuna eta langileen berdintasuna ukatzen dituzten elite ekonomikoen eta oligarkikoen kontra".

"Eta orain, zer? Irabaztea tokatzen da. Bizikidetza eta bakea bai, baina askatasuna eta berdintasuna ere bai", nabarmendu du.

Otegik aurreratu du autokritika egingo dutela, eta hori egitea "indar seinalea" dela iritzi dio, "ez ahultasun seinalea".

"Baina herri honekin konpromisoa dugulako egingo du autokritika, ez eliteek eskatzen digutelako. Herri hau da onartzen dugun epaile bakarra. Horregatik, ez dugu arazorik izango herri honi esateko zer egin dugun gaizki eta zer ondo", adierazi du.

Halaber, Otegik Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia ekarri du gogora, Bateragune auzian kondenatutako bosten artean espetxean jarraitzen duen bakarra baita.

Otegirekin batera, aita, emaztea eta bi seme-alabak izan dira Elgoibarko plazan jarritako oholtzan. Atzean, buruzagi abertzalearen argazki erraldoi bat, "Presoak Etxera" aldarriarekin.

aldarriarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena