15:18

Politika

2.331 egun preso

Epaileak ez ditu debekatu Otegiren ongietorriak

EITB.EUS

Nolanahi ere, horiek zaintzea agindu du. Lehen ekitaldia Logroñoko espetxearen alboan bertan egingo dute.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ez ditu debekatu Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari ongietorria emateko antolatutako hiru ekitaldiak, baina horiek zaintzea agindu die Ertzaintzari eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzari, horietan terrorismoa goratzea saihesteko.

Otegi astearte honetan da espetxetik ateratzekoa, espetxe zigor osoa beteta. Lehen ekitaldia Logroñoko kartzelaren atarian bertan egingo dute, eta, arratsaldean, ongietorria emango diote Elgoibarren. Hirugarren ekitaldia Donostiako belodromoan egingo dute, larunbatean.

Velascoren esanetan, "bilera eta adierazpen eskubideak funtsezkoak dira, eta bermatu egin behar dira".

Epaileak bat egin du Fiskaltzaren eskaerarekin. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak eta AVTk, baina, ekitaldiak debekatzea eskatu zuten.

Logroñoko espetxearen atarian, harrera egingo diote buruzagi abertzaleari, eta arratsalderako "jaialdia" egingo dute Elgoibarren, bertsolariekin, txalapartariekin eta musikarekin. Belodromoan, Otegik agerraldia egingo du.

Epaileak azaldu duenez, Poliziak esan dio ekitaldiak "anitzak" direla eta hainbat sektoretatik deitu dituztela, eta, gainera, ez duela inork asmoa agertu ETA edo ETAko kideak goratzeko.

Horren ildotik, espetxeko ekitaldia Sortuk antolatu du, "helburu politikoekin", eta Elgoibarkoa Arnaldo Libre plataformak. Donostiakoan, gainera, "aktoreak, bertsolariak, txirrindulariak, pilotariak, abeslariak, kazetariak eta EH Bilduko legebiltzarkideak" izango direla zehaztu du epaileak.

2009ko urriaren 13an atxilotu zuten Batasuneko eledun ohia, Donostian LABek duen egoitzan bilera batean zegoela. Legez kanpo zegoen Batasuna berriro antolatzea leporatu zieten Otegiri eta operazio berean preso hartu zituzten Miren Zabaleta, Arkaitz Rodrigez, Rafa Diez Usabiaga eta Sonia Jacinto ezker abertzaleko kideei.

2011ko uztailean egin zen epaiketan, espetxe zigorra ezarri zieten guztiei.

Azken sei urteotan, Otegi oso presente egon da euskal politikan. Espetxetik jarraitu ditu, besteak beste, ETAren indarkeriaren amaiera eta ezker abertzalearen itzulera erakundeetara. Buruzagi independentistaren ahotsak pisu handia izan du ezker abertzalearen barne eztabaidetan.

Hedabideetan ere oihartzun zabala izan du Otegik azken urteotan, ziegatik elkarrizketa ugari eskaini baitie mundu osoko hedabideei. Adierazpen eta gutun ugari publikatu ditu, eta Twitterren duen kontuaren jarioak ez du etenik izan.

Ezker abertzaletik harago, iritzi eta alor askotako eragileek salatu dute Otegi preso sartu izana, eta "Free Otegi, Free Them All" ekimenak mundu osoko eragileen atxikimendua jaso du. Egun, PPk eta UPyDk baino ez zuten defendatzen buruzagi abertzalea espetxean egotea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena