13:00

Politika

Ikertu gisa deklaratu du

Arraiz: 'Estatu demokratiko bat ez da adierazpen askatasunaren beldur'

Agentziak | Erredakzioa

"Eztabaida politikoak erakundeetara" eraman behar direla esan du Guardia Zibilari "xake-mate ematea" eskatzeagatik Auzitegian deklaratu ostean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak "iritziak emateagatik" bere kontra abiatutako auziak salatu ditu gaur EAEko Auzitegi Nagusian, Guardia Zibila larriki iraintzea egotzita, ikertu gisa deklaratu ostean. "Iritzi delitu" batengatik epaitzen ari direla adirazi du Arraizek, eta 2015eko urtarrilean esandakoak adierazpen askatasunaren baitan kokatu ditu.

Dignidad y Justicia elkarteak Arraizen kontrako kereila aurkeztu zuen EH Bilduko legebiltzarkideak Guardia Zibilari "xake-mate ematea" eskatuta Estatuko segurtasun indarrak larriki iraindu zituela iritzita. Epaileak kereila onartu eta ikertu gisa deklaratzera deitu zuen.

Auzi horregatik ordu eta erdiz deklaratu du gaur Arraizek, fiskalaren eta Iñigo Iruin defentsako abokatuaren galderei soilik erantzunda. Auzitegitik ateratzean, azkenaldian emandako iritziengatik auzitegietan hirugarren aldiz galdekatu dutela nabarmendu du Arraizek. "Badakit Sortuko ordezkaria naizelako auzipetu nautela", erantsi du.

"Eztabaida politikoak erakundeetara eramateko unea da, Euskal Herrian zein Estatuan. Eztabaida politikoak baldintza berdintasuna bermatzen duten foroetan egin behar dira, ez epaitegietan. Kontua ez da gure iritziak epaile baten aurrean adieraztea, eta gero honek hori zigortu behar den ala ez erabakitzea. Eztabaida politiko irekia behar dugu", adierazi du.

Adierazpen askatasuna

Ingurumaria honetan, Arnaldo Otegiren esaldi bat gogora ekarri du Sortuko presidenteak: "Euskal gatazka boxeo ringetik atera eta xake taulara ekarri dugu".

Arraizek nabarmendu duenez, "batzuek ez dute xakeaz ezer jakin nahi, boxeoa nahiago dutelako. Adierazpen askatasunaren beldur den estatu bat demokratikoki oso ahula da. Euskal Herrian une oro ikusten ari gara, baina baita Estatuko beste toki batzuetan ere. Horregatik, hemendik gure elkartasuna adierazi nahi diegu iritzi delituengatik jazarriak izaten ari diren guztiei".

EH Bilduko legebiltzarkidearen aburuz, "hau guztia amaitu behar da", estatu demokratiko bat "ez baita adierazpen askatasunaren beldur", "ez baitu eztabaida politikoa epaitegietara eramaten, erakundeetara baizik".

Sortuko, EH Bilduko eta ezker abertzaleko kideen babespean joan da Arraiz auzitegira, eta 2015eko urtarrilean egindako adierazpenak berretsi ditu.

"2015eko urtarrilaren 12an esandakoa berretsi nahi dut. Orduan, argi eta garbi esan nuen, eta berriro esan diot epaileari: herri honek ez du Guardia Zibila behar, lehenbailehen joatea nahi dugu, eta ez gara hori eskatzen nekatuko", adierazi du.

Dignidad y Justiciaren kereila

 

Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztu zuen Arraizen kontrako kereila. EH Bilduko legebiltzarkideak adierazpenak egin zituen, Guardia Zibilak Xake operazioan, 2015eko urtarrilaren 12an, presoen abokatuak atxilotu ondoren.

Egun horretan bertan eta urtarrilaren 14an Arraizek bi prentsaurreko eman zituen. Lehenengoan, euskal gizarteak Guardia Zibilari "xake-mate" eman behar ziola esan zuen, eta Euskal Herritik ospa egiteko eskatu zuen; bigarrenean, metaforarik gabe, Euskadin indarkeria bakarra Espainiako Estatuarena zela adierazi zuen. ?Indarkeria mehatxu bakarra? Guardia Zibilarena eta gainerako ?errepresio? indarrena zela erantsi zuen Arraizek.

Hilabete batzuk geroago, EAEko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko aretoak kereila onartu zuen, baina "Espainiari laidoa" ustezko delitua atzera bota zuen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena