13:43

Politika

Indarkeria goratzea leporatuta

Ikusleak ohartarazi zituztela adierazi dute titiriteroek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gaineratu dute ez zela beren asmoa inor iraintzea. Dena den, arduratuta azaldu dira ikuskizunak sorturiko erreakzioagatik, eta adierazpen askatasunerako eskubidea aldarrikatu dute.

1:19
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Madrilgo inauterien baitan egindako haurrentzako antzerki batean ETA eta Al Kaida goratzea egotzita espetxeratu eta karguekin aske gelditu ziren titiriteroek adierazi dutenez, ez zen beraien asmoa inor iraintzea. Horien esanetan,ez zioten inori ezer irakatsi nahi eta, are gutxiago, haurrei. ç

"La bruja y don Cristobal" antzerki ikuskizunean pertsonaietako batek sorgina, epailea eta polizia sastakatu zituen, eta antzezlanaren bukaeran, panpinetako batek "Gora Alka-ETA" lelodun kartel bat erakutsi zuen.

"Hori dela eta, pertsonaiek ekintza krudelak egiten zituztela ohartarazi genien ikusleei hasieran. Antzerkia ikusten gelditu eta minduta sentitu zirenei barkamena eskatu nahi diegu, ez baitzen hori gure asmoa, ezta terrorismoa goratzea edota indarkeria eta gorrotoa sustatzea ere", adierazi dute Raúl García Pérez eta Alfonso Lázaro de la Fuente titiriteroek ohar batean.

Halaber, azpimarratu dute txotxongiloen eta beraien iritziek ez dutela, ezinbestean, bat egiten. "Gu ez gara txotxongilo bakoitzak esaten edo egiten duen oro", gaineratu dute.

Dena den, arduratuta azaldu dira ikuskizunak sorturiko erreakzioagatik; izan ere, horien esanetan, "gaur egun gertatzen diren egoera batzuren inguruan hausnarketa eragitea" zen beren asmoa, zoritxarrez, "errealitatearekin antzekotasun asko dituen fikziozko istorio bat" baliatuta.

Horrenbestez, adierazpen askatasunerako eskubidea aldarrikatu dute. Titiriteroen hitzetan, adierazpen askatasunak ondokoak gustuko ez dituen, entzun nahi ez dituen edota izua eragiten dien kontuak esatea" ahalbidetzen du. Bestalde, azken egunotan bizitako "esperientzia zaila" eta jasotako irainak deitoratu dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena