19:58

Politika

Agiria

EPPK: 'Ez gara damutuko eta ez ditugu gure kideak salatuko'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Otsailaren 15etik 20ra bitartean mobilizazioak egingo dituzte espetxeetan, gaixotasun larriak dituzten presoak aska ditzatela eskatzeko. "Espetxeetako egoera gero eta gordinagoa da", esan dute.

  • Hamarnaka mila lagun bildu ziren sakabanaketaren aurka urtarrilaren 9an.

    Hamarnaka mila lagun bildu ziren sakabanaketaren aurka urtarrilaren 9an.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) adierazi du ez dela damutuko eta ez dituela bere kideak salatuko, behin eta berriro hala eskatu arren.

Agiri baten bidez jakinarazi du otsailaren 15etik 20ra bitartean hainbat mobilizazio egingo dituela espetxeetan, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala aska ditzatela eskatzeko. Hilaren 20an baraualdia egingo dute. Egun horretan, ezker abertzaleak antolatuta, espetxe guztietara martxak izango dira.

Berria eta Gara egunkarietan argitaratutako agirian, EPPK-k ohartarazi du "konponbidearen bidea oztopatuta dagoen bitartean, kartzeletako egoera gero eta gordinagoa" dela.

Presoek Kolektiboak onartzen du ETAk jarduera armatua utzi zuenetik "zailtasunak" izan dituela "aro politiko berrian behar bezala kokatzeko". Hala ere, "hortzak estuturik" jarraituko dutela nabarmendu dute, "behar den beste denboran eusteko prest".

Horrez gain, euskal presoen eskubideen alde antolatu diren ekimen anitzak eskertu ditu, abenduaren 30ean Ernaik hiri ezberdinetan koordinatuta egindako ekintzari eta urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan izandako manifestazioei aipu berezia eginez.

Gaixotasun larriak dituzte presoen egoera salatu eta Euskal Herriratzeko eskaera egin dute.

Arestian esan bezala, ez direla damutuko eta ez dituztela beren kideak salatuko azpimarratu dute: "Gure kide ohi batzuen ibilbide tristea adibidetzat jarriz, damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda; kideak sala ditzagun eskatzen zaigu, ez ditugula salatuko jakinda; sinesten ez duguna esatera akuilatzen gaituzte, halakorik ez dugula egingo jakinda. Horrek izen bakarra dauka: berariazko bidegabekeria".

"Memoria, autokritika, bizikidetza, bakea... Hitz eder askoak agertu dira politikarien ahotan [...] Badirudi hitz horiek konponbidean zintzoki aurrera egiteko bidesari eta aduana gisa ipintzen dizkigutela. Haien legeak bihurritzen dituzte beren intereserako", erantsi dute.

Bestalde, ETAko sei presok Pariseko epaiketa batean ostean argitaratutako agiriaren ondotik eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimenduaren (ATA) harira sortutako polemikaz, EPPK-k zera dio:

"Presoon askatasuna lortzeko ahaleginean ari den inork ez zuen pozik hartuko gertatutakoa. Guztioi dagokigu hausnartzea zertan ari garen eta zeintzuk diren norberaren helburuak eta helburu horiek lortzeko ibili beharreko bideak. EPPK anitza da, kartzelara ekarri gintuzten arrazoiak askotarikoak dira, gutariko bakoitzaren ibilbidea, bai kaleko borrokan eta baita kartzelan ere anitza da. Ezker abertzalearen baitan kokatzen da EPPK, gutako bakoitzak eta Ezker abertzalearen ekimen eta ekinaren gaineko bere iritzia izanda ere".

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena