Politika
Noos auzia
Agentziak | Erredakzioa
Cristina infantaren abokatuak haren kontrako akusazioa bertan behera uztea eskatu du, 'Botin doktrina' oinarri hartuta.
Bideoak (4)
Informazio gehiago (4)
Orduko (09:15) eta ikusmin handiarekin abiatu da Balear Uharteetako Administrazio Publikoaren Eskolan, Palmako kanpoaldean, Noos auziaren epaiketa. 18 lagun jesarri dira akusatuen aulkian, tartean Cristina infanta eta Iñaki Urdangarin senarra. Guztira, 100 urte pasatxoko kartzela zigorrak eskatu dituzte akusatuentzat, diru publikoarekin aberasteko ustezko sareko kide izateagatik.
Arreta mediatiko eta segurtasun neurri handien artean hasi da epaiketa, lehen aldia baita Espainiako errege familiaren kide bat akusatuen aulkian jesartzen dena. Hain justu, Cristina infanta ez epaitzea defendituko dute gaur haren defentsak eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, 'Botin doktrina' aplika diezaioten.
Aurretiazko arazoak edo gaiak azaltzeko saioa da gaurkoa, epaiketa hasi baino lehen argitu beharreko gaiei dagokiena, alegia. Behin horiek ebatzita, epaiketa otsailaren 9an abiatuko da berriro, akusatu guztien deklarazioarekin.
Jesus Maria Silva defentsaren abokatuak Cristina Infantaren aurkako akusazioa baliogabetzea eskatu du, "oinarrizko eskubideak urratzen" ari direla argudiatuta. Aurretiazko arazoei dagokien txandan, Silvak adierazi du Auzitegi Goreneko jurisprudentzian oinarrituta eskatu duela Infanta leporatzen zaion erantzukizunetik salbu uztea.
Defentsaren iritzian, Manos Limpiasek ez du zilegitasunik Cristina infantaren aurkako akusazioari "bakarka" eusteko, Fikaltzak eta akusazio partikularrek hala egiten ez badute.
Pedro Horrach ustelkeriaren aurkako fiskalak, bere aldetik, defentsaren eskaria babestu du; Infantarentzat "erantzun judizial bakarra" haren inputazioa artxibatzea dela esan du Horrachek.
Modu horretan, Espainiako Erregearen arrebaren kontrako akusazioak artxibatzea eskatu du fiskalak ere. Infanta auzipetzeko arrazoirik ez dagoela uste du Fiskaltzak.
'Botin doktrina', gako
Manos Limpias herri akusazioak bakarrik eskatu du zigorra erregearen arrebarentzat, senarrari zerga iruzurra egiten lagundu ziolakoan. Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak infantaren aurkako prozedura artxibatzea eskatu zuten.
Cristina infantaren defentsak eta Fiskaltzak Prozedura Kriminaleko Legearen 782.1 artikulua eta Auzitegi Gorenak 2007an ezarritako doktrina aplikatzea eskatu dute: 'Botin doktrina' bezala ezagutzen dena. Horren arabera arabera, herri akusazioak ezin du bakarka inor zerga delituengatik akusatuen aulkian eseri.
Cristina infanta, gaurko saioan. EFE
Jesus Maria Silva Cristina infantaren abokatuak gaurko saioan nabarmendu duenez, erregearen arrebaren "oinarrizko eskubideak urratzen" ari dira eta Auzitegi Gorenak 'Botin doktrina' delakoaren harira ezarritako jurisprudentzia aplikatzea eskatu du.
Silvaren esanetan, Manos Limpiasek "ezin dio Cristina anderearen kontrako akusazioari bakarrik eutsi". Nabarmendu duenez, "Lege urraketa bat saihestu dadin, ez dugu 'Botin doktrina' ezartzea eskatzen, horren inguruan Gorenak emandako jurisprudentzia aplikatzea baizik. Izan ere, hasierako epaiaz gain, bigarren bat egon zen , eta baita hirugarren bat ere; biek lehenengoa osatu zuten". Are, azpimarratu duenez, zazpi lurralde auzitegik gaiaren inguruan emandako epaiak ere badaude.
Samantha Romerok, Eleonor Moyak eta Rocio Martinek osatutako epaimahaiak lau aste izango ditu erabakitzeko; izan ere, epaiketak otsailaren 9an jarraituko du.
Otsailaren 9tik 26ra, akusatuek deklaratuko dute, eta gerora, martxoaren 8tik maiatzaren 17ra, 352 lekukok.
100 urteko zigor eskaerak
Urdangarinek eta haren bazkide ohiak, Diego Torresek, sortutako entitateak diru publikoarekin aberasteko ustezko sarea epaituko dute. Entitateek 3,5 bat milioi jaso zituzten Valentziako administrazio publikoen eskutik, beste 2,5 milioi Balear Uharteetako Gobernuarengandik, eta Madrilgo Udalak ere beste 114.000 euro eman zizkien. Ogasunari egindako iruzurra ere epaituko dute.
Urdangarin eta Torres, gaurko saioan. EFE
Akusatu nagusiak biak dira, baina Cristina infantak eta Ana Maria Tejeiro Torresen emazteak ustezko sarean erantzukizun zibila dutela uste du magistratuak, diru-sarrerak gastu pertsonalentzako erabiltzeagatik.
Marco Antonio eta Miguel Tejeiro (Torresen koinatuak), eta Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia ere badaude akusatuen artean. Horiekin batera, Jose Luis Ballester, Gonzalo Bernal, Juan Carlos Alia eta Miguel Angel Bonet Balear Uharteetako Administrazioaren goi-kargudun ohiak, Alfonso Grau, Luis Lobon, Jose Manuel Aguilar, Jorge Vela eta Elisa Maldonado Valentziako arduradun publiko ohiak, Mercedes Coghen Madrid 16ko kontseilari delegatu ohia eta Salvador Trinxet aholkulari fiskala daude auziperaturik.
Gainera, zerga delituetan laguntzea leporatu dio Manos Limpiasek Cristinari, eta dirua zuritzea Tejeirori.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa