Itxi

Politika

Inkesta

EAEko herritarren erdiak PSOE-Podemos koalizioa nahi du Espainian

agentziak | erredakzioa

Gainera, PSOEk Podemosekin eta alderdi nazionalistekin bat egitea nahi du % 36ek.

1:22

EAEko herritarren erdiak PSOEk eta Podemosek osatutako koalizioa nahi dute Espainiako Gobernuan, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 21ean, hauteskunde orokorren ostean, egindako hauteskunde osteko inkesta baten arabera.

Hala, PSOEk Podemosekin eta alderdi nazionalistekin bat egitea nahi du % 36ek, eta PSOEk eta Podemosek bakarrik osatutako koalizioa % 14k.

PP-PSOE koalizioa % 3k soilik ikusten du ongi, eta PPk Ciudadanosekin eta nazionalistekin bat egitea, % 2k. % 17k nahiago du inkestan planteatu ez den aukeraren bat, eta % 25ak ez dio galderari erantzun.

EAEko herritarren ia erdiak (% 45) uste du hauteskundeen emaitza txarra dela Espainiarentzat, eta % 29k pentsatzen du ona dela. Aldiz, % 50ak dio EAEko emaitza (Podemosek EAJk baino boto gehiago eskuratu ditu) ona izan dela.

Herritarrek uste dute hurrengo Espainiako Gobernuarekin hobera egingo duela hezkuntzak, enpleguak, gizarte politikak eta bake eta elkarbizitza prozesuak, baina berdina izango dela autogobernuari eta Kontzertu Ekonomikoari dagokionez.

Bestalde, ikerketak agerian utzi du EAEn % 59arentzat "egokiena" dela boto desberdina ematea hauteskunde motaren arabera, eta % 31k uste du normalena alderdi bera bozkatzea dela.

Hauteskundeak EAEn

EAEko hauteskundeei begira (azaroan amaitzen da legegintzaldia), % 35ak EAJren garaipena nahi du, eta % 12k eta % 11k soilik nahi dute Podemosen edo EH Bilduren garaipena, hurrenez hurren. PSE-EEren garaipena % 2k nahi du, eta PPrena, % 1ek.

Eusko Jaurlaritzaren inkesta abenduaren 21ean egin zuten, 821 telefono elkarrizketarekin.

arrizketarekin.