Itxi

Politika

PSOE

Ezkerreko gobernua osatzearen alde dago Susana Diaz, baina ez edozelan

Agentziak | Erredakzioa

Autodeterminazio eskubidearen aldarria bazter uzten ez dutenekin  negoziatzea "marra gorria" dela ohartarazi du Andaluziako presidenteak.

Susana Diaz Andaluziako presidente eta erkidego horretako sozialisten buruzagiak babesa agertu dio gaur Pedro Sanchez alderdiko idazkari nagusiari, eta Rajok gobernua osatzeko saiakeran kale egiten badu, sozialistak gobernu 'progresista' bat eratzearen estrategiaren alde egin du. Baldintza ipini du, dena dela. Izan ere, Diazen iritzian, gobernu hori ezin da "edozelan osatu, ezin da Espainiaren batasuna zalantzan jarri", ohartarazi du.

Canal Sur Radio irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, atzo Sanchezek Lisboan agertutako asmoa babestu du Diazek. Azaldu duenez, PSOEren batzorde federalak ere estrategia horren alde egin du, hori bai, "marra gorria" ezarrita, alegia, autodeterminazio eskubidearen aldarria bazter uzten ez dutenekin -Podemosi erreferentzia eginda- negoziatzea.

Kritikak Podemosi

Hain justu, Pablo Iglesiasen alderdiaren kontra egin du Andaluziako presidenteak. Kongresuan lau talde parlamentario izan nahi ditu Podemosek, bana Kataluniako, Galiziako eta Valentziako hautagaitzengatik. Diazen aburuz, asmo hori "engainagarria da", alderdi bakar gisa aurkeztu den arren, "lauren moduan kobratzeko helburua duelako".

"Lezioak eman nahi dizkigute eta gero besteen halako lau kobratu nahi dute", kritikatu du. Pablo Iglesiaren kontrako hitzak ere izan ditu Diazek, "zurikeriatan" ibiltzea leporatu dio: "Gizarte Larrialdiaren Legea proposatu du eta Andaluzian horren inguruko ekimenak blokeatu dituzte", azaldu du.

PSOEko buruzagiaren esanetan, "M15aren eta herritarren ahotsa direla dioten horiek ez dute etxegabetzeez eta bazterketa sozialaz hitz egiten, autodeterminazio eskubideaz baizik".

Hori horrela, Podemosek autodeterminazio eskubidearen aldarriari muzin egiten ez badio "lurraldeko hautagaitzekin ezkutuko itun bat duen seinale" da, Diazek nabarmendu duenez.

PSOEk kongresu federala noiz egin beharko lukeen galdetuta, otsailean "ezinezkoa" dela azpimarratu du Andaluziako presidenteak. "Egokitzen denean eta batzorde federalak hala erabakitzen duenean egingo dugu", laburbildu du.

laburbildu du.