12:11

Politika

PSOE-ren Batzorde Federala

PSOEk erreferendumari uko egitea eskatuko dio Podemosi, negoziatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mariano Rajoyk gehiengoa lortzen ez baldin badu, Podemosekin eta ezkerreko beste alderdi batzuekin Gobernua osatzen saiatzeko baimena eman dio gaur Batzorde Federalak Pedro Sanchezi.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mariano Rajoy PPko buruzagiak gehiengoa lortzen ez baldin badu, Podemosekin eta ezkerreko beste alderdi batzuekin Gobernua osatzen saiatzeko baimena eman dio gaur PSOEko Batzorde Federalak Pedro Sanchez idazkari nagusiari. Baldintza bezala, Podemosek Kataluniako autodeterminazio erreferendumari uko egitea nahi du PSOEk, negoziazioek neurri sozialak eta onbideratze demokratikoa ardatz izateko.

Hala, Sanchezek eta baroi sozialistek bart adostutako akordioa berretsi dute gaur Ferrazeko egoitzan. Hauteskundeak ez errepikatzeko, gehiengo alternatibo bat osatzen saiatzeko bideak aztertzeko aukera ematen dio ebazpenak presidentegai sozialistari.

PSOEk (90) eta Podemosek (69) 159 eserleku dituzte. Ondorioz, beste alderdi batzuen babesa beharrezko lukete 176 diputatuen (gehiengo absolutua) muga gainditzeko. IU (2), ERC (9) edo EAJ (6) aukerak dira.

Sanchezek arnasa hartu du

Baroien akordioak Sanchezi arnasa eman zion igandean; izan ere, alderdiko zenbait sektorek zalantza jarri dute buruzagiaren lana. Gainera, adostasunak giroa lasaitu du Batzorde Federalaren atarian.

Baroien bilerak lau ordu baino gehiagoko iraupena izan zuen bart. Susana Diaz, Guillermo Fernandez Vara eta Emiliano Garcia-Page, Andaluziako, Extremadurako eta Gaztela-Mantxako presidenteek, hurrenez hurren, Podemosekin negoziatzea ezinezkoa zela ohartarazi zuten aldez aurretik.

Sanchezek, Podemosi: ez du Espainiaren batasuna arriskuan jarriko duen inolako akordiorik negoziatuko

PSOEren idazkari nagusiak gaur berretsi du ez dela "edonola" Gobernua osatzen saiatuko eta Podemosi ohartarazi dio ez duela Espainiaren batasuna arriskuan jarriko duen inolako akordiorik negoziatuko. Ildo horretan, azpimarratu du Katalunian erreferenduma egitea "haustura berrien hasiera" izango litzatekeela.

PSOEren Batzorde Federalaren aurrean egin duen hitzaldian, Sanchezek adierazi du PPri eta Mariano Rajoyri dagokiela Gobernua osatzen saiatzea. Hala ere, popularrek helburua lortzen ez badute PSOEk gobernua osatzeko "legitimitatea" duela uste du Sanchezek eta, kasu horretan, "ezkerreko" gehiengo "progresista" bat lortzen ahaleginduko litzateke.

Sanchezek aurreratu duenez, indar politiko "guztiekin" hitz egingo du "argiak eta takigrafoak" erabilita, herritarrek gardentasunez jakin dezaten zer negoziatzen eta zer adosten den. Pedro Sanchezek baldintza bakarra jarri du, hots, Espainiaren lurralde batasunaren inguruan ez negoziatzea. Haren esanetan, PSOE erabakitzeko eskubidearen alde dago, baina espainiar guztien erabakitzeko eskubidearen alde.

PSOEk Rajoyren edota PPren edozein presidentegairen kontrako botoa emango duela nabarmendu ostean, "konfiantza" mezu bat bidali nahi izan du, "pausoz pauso" eta "bidezidorrik gabe", Gobernu berria osatzeko konponbideak agertuko direla sinetsita.

Espainiako Alderdi Sozialistako idazkari nagusiaren hitzetan, hauteskundeak errepikatzea aukerarik txarrena litzateke arazoa atzeratuko lukeelako eta alderdi politikoak hitz egiteko eta elkar ulertzeko gai ez direla agerian utziko lukeelako.

Sanchezek kongresua atzeratzearen alde egin du, nahiz eta kritikoek otsailerako nahi duten

Gainera, Pedro Sanchezek PSOEren hurrengo kongresua atzeratzearen alde egin du, Batzorde Federalean. Aurreikusita dago otsailerako, eta kritikoek hala nahi dute, baina Sanchezek uste du Espainiako arazoak alderdiko barneko kontuak baino garrantzitsuak direla. PSOEren zuzendaritzaren iritziz, Sanchezek dioenarekin alderdiko gehiengoa dago ados, astelehen honetan entzun diren mezuak aztertuta.

Susana Diaz Andaluziako presidenteak, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxakoak, Ximo Puig Valentziakoak eta Javier Fernandez Asturiasekoak, hala ere, kongresua otsailean egitearen alde egin dute. Berez, azkena 2012ko otsailean egin zutenez, 2016ko otsaila da hurrengoa egiteko data.

Hala ere, sozialisten zuzendaritzak uste du presidente horien iritziak ez duela bat egiten gehiengoak duenarekin. Zuzendaritzak dio astelehenean "hainbat iritzi" daudela baieztatu dela, baina gehiengoak Pedro Sanchezek esandakoa nahiago duela.

Hortaz, Ferrazek jarraitzen du barneko egutegia atzeratzeko asmoarekin, egoera politikoa argitu arte itxaroteko aukerarekin. Joan den astelehenean, PSOEko Antolamendu idazkari Cesar Luenak azaldu zuen zuzendaritzak udaberrira arte atzeratu nahi duela kongresua, eta deitu inbestidura-saio edo saioak egin ostean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena