09:32

Politika

ETA-ren kontrako epaiketa

Jendarmea ezusteko enfrentamenduan hil zela esan dute sei akusatuek

agentziak | erredakzioa

Mikel Carrera eta Xabier Goienetxe tiro egitea egotzita epaituko dituzte.  2010eko martxoaren 16an hil zuten Jean Serge Nerin Frantziako polizia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ETAko 6 kideren kontra Parisen hasitako epaiketan, sei akusatuek adierazi dute Jean-Serge Nerin jendarmea "ezusteko enfrentamendu" batean hil zela, ETA behin betiko jarduera armatua uzteko pausoak ematen ari zenean.

Gaurtik aurrera, ETAko sei kide epaituko dituzte Parisko Gai Penaletarako Auzitegian, Jean Serge Nerin Frantziako poliziaren hilketa argitzeko hasitako prozesuan. ETAk hildako azkeneko pertsona eta Frantziako polizia bakarra izan zen.

Arkaitz Agirregabiria akusatuetako batek Nerinen heriotzaren testuingurua azaldu du. 2010eko martxoaren 16an ETAk bost auto lapurtu zituen Villiers en Biereko kontzesionario batetik eta, ondoren, ETAko kideen eta poliziaren artean izandako tiroketan, polizia bat hil zen. Agirregabiriak azpimarratu duenez, Poliziak tiro egin zieten eta ETAko kideek tiroei erantzun zieten. Tiroketaren ondorioz, Joseba Fernandez atxilotu zuten eta jendarme bat hil zen. Dena den, nabarmendu du larriagoa izan zitekeela.

Frantziako Polizia 2010eko martxoaren 16an hil zuten ETAko kideek, hainbat ibilgailu lapurtu ostean, Parisetik 50 bat kilometrora.

Auzipetutako sei lagunek ETAko kideak direla aitortu dute, eta Mikel Carrerak, Auzitegiko aretora sartu denean, "Gora ETA!" oihu egin du.

Ondoren, nork bere burua aurkezteko unean, hau esan du Carrerak: "Mikel Carrera Sarobe naiz. ETAko militantea naiz 1972ko maiatzaren 30etik" (bere jaiotze data).

Gero, Izaskun Lesakak, auzipetu guztien izenean (Lesaka bera, Carrera, Joseba Fernandez Aspurz, Josu Urbieta Alcorta, Arkaitz Agirregabiria eta Xabier Goienetxea), mezu bat irakurri du. Mezu horren bitartez, guztiak "ETAko militanteak" direla esan du. Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herria "okupatzen" dutela eta, ez diote auzitegiari "inolako zilegitasunik" aitortu, eta ez dituzte ohiko errespetu keinurik egingo: Ez gara zuen aurrean altxatuko".

Akusazio partikular gisa, Poliziaren senideak zeuden. Robert Gastone Goienetxearen abokatua, tiroak egiteagatik auzipetutako bi lagunetako baten (bestea Carrera da) defentsa abokatua, biktimaren senideei zuzendu zaie: "Kasu hau tragedia bat da. Jean-Serge Nerinek ez zuen hil behar".

Auzitegiko presidenteak gaur azaldu duenez, prozesua bost astekoa izango da, eta abenduaren 2an emango dute ebazpena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena