17:19

Politika

Bateragune auzia

Milaka pertsona Donostian, Otegi eta Diez aske gera daitezen eskatzeko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragileez gain, Europako 24 europarlamentarik eta Ahal Duguko 25 kargu publikok ere bat egin dute Otegi eta Diez askatzeko eskaerarekin.

1:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Arnaldo askatu" plataformak eta "Free Otegi, Free Them all" ekinbideak deituta, Arnaldo Otegi, Batasunaren bozeramaile ohia, eta Rafa Diez, LABeko idazkari nagusi ohia, askatzea eskatzeko manifestazio jendetsua egiten ari dira Donostian.

Manifestazioa 17:30ean abiatu da Boulevardetik "Arnaldo eta Rafa askatu, politika askatu" lelopean. Martxa ireki duen pankarta horri eutsiz, lehen lerroan agertu dira Hodei Otegi Arnaldo Otegiren semea eta Naike Diez Rafa Diez Usabiagaren semea. Halaber, manifestazioaren buruan dira Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ere, hots, Bateragune auzian zigortu zituzten beste hiru lagunak eta, beren zigorra osorik beteta, aurreko igandean aske gelditu zirenak.

Gauzak horrela, auzi horretan kondenaturik geratzen diren bakarrak Arnaldo Otegi eta Rafa Diez dira. Lehena, 2106ko udaberrian geratuko da aske; bigarrena, berriz, 2017an aterako da espetxetik, urtebeteko baldintzapeko askatasunean egon baitzen, familia arazok zirela-eta.

Gaurko manifestazio deialdiarekin bat egin dute Sortu, Alternatiba, Aralar, EA, BNG eta CUP alderdiek eta ELA eta LAB sindikatuek. Gainera, Jesus Eguiguren eta Gemma Zabaleta sozialistek eta Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko kideak ere manifestazioa babestu dute, baita ERC alderdiko Joan Tardá buruak ere.

EH Bilduren izenean Rebeka Uberak hitz egin du eta "ausardiaz jokatzeko" eta plan zein bide berriak mahai gainean jartzeko garaia dela aldarrikatu du. Hala ere, horretarako eta gauza guztien gainetik borondate politikoa behar dela nabarmendu du eta baldintzarik eta salbuespenik gabeko elkarrizketa eskatu du.

Bere mintzaldian zehar salatu duenaren arabera, "dagoeneko ezin da ezer itxaron Espainiako Estatutik; ondorioz, ezin gaitezke besoak gurutzatuta egon gainerakoei itxaroten, ezta balizko gobernu zentralari ere".

Zentzu horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela gogor eta ilusioz lan egiten jarraitzea "Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat" bakea eraikitzeko.

Ohartarazi duenez, "garbi dago orain arte mahai gainean jarri diren formulek, planek, ekimenek ez dutela espero zen emaitzarik eman"; horren aurrean, ausardia eskatu die alde guztiei, eta topaguneak sortuko dituzten bide berriak, eskema berriak aztertzearen alde agertu da, adostasunak lortzeko gai izango direnak.

Manifestazioa Alderdi Ederreko lorategietan bukatu da ekitaldi politiko batekin, eta, bertan, besteak beste, Arkaitz Rodriguezek eta Pernando Barrenak esku hartu dute.

Barrena bertaratu direnengana zuzendu da, eta honako hau azpimarratu du: "Guk argi daukagu zein den gure zoru etikoa. Sekula ez gehiago. Iragana ez da eraikitzen, kontatu egiten da, eta guztiok daukagu iragan horri buruzko bizipen propioa; eta, hortaz, gure kontaketa izatekoa, inori inposa ezin dakiokeen kontaketa".

Arkaitz Rodríguez y Pernando Barrena

Ahal Dugu alderdiko hainbat ordezkariren babesa, bakoitzak bere ekimenez

Bestalde, Ahal Duguren 25 kargu publiko, tartean Nafarroako hiru parlamentari eta EAEko diputazioetako eta udaletxeetako 22 ordezkari, Arnaldo Otegiren gaurko manifestazioan parte hartzen ari dira, "bidegabekeria bat eta eskubide urraketak" salatzeko mobilizazioa delako. Beren ekimenez eman diote atxikimendua gaurko manifestazioari, izan ere, Roberto Uriarte Podemos-Ahal Duguko Euskadiko idazkari nagusiak adierazi zuen haren alderdia ez zela gaurko manifestazioan izango deialdiarekin ordezkatuta sentitzen ez zelako.

"Giza Eskubideen defentsan, gu Donostian izango gara. Otegi askatu!" izenburupean argitaratutako testuan, sinatzaileek diote "Euskal Herrian aro politiko berri bat ezartzeko ekimen guztiak ongietorriak dira eta hori Podemos-Ahal Duguko gehiengoak konpartitzen du".

Asko dira azken egunotan beraien askatasuna eskatu duten erakunde eta norbanakoak. Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragileez gain, Europako 24 europarlamentarik ere bat egin dute Otegi eta Diez askatzeko eskaerarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena