Politika
Kataluniako Auzitegi Nagusia
Agentziak | Erredakzioa
Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu du, kontsultagatik inputatuta.
Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilariak inputatu gisa deklaratu du gaur Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko salan 2014ko azaroaren 9an independentziaren inguruko galdeketa antolatzea egotzita.
Ordubetez aritu da Rigau. Joan Manel Abril epaileak eta defentsak egindako galderei erantzun die jardunean dagoen kontseilariak. Fiskaltzak eta herri akusazioek itaundutakoei, ordea, ez die erantzun.
Deklarazioaren ostean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan agertu duenez, "lasai" dago, ondo jokatu zuela sinistuta, izan ere, Kataluniako Parlamentuak "emandako agindua bete" baino ez zuen egin azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea antolatuta.
Fiskaltzaren galderei erantzun ez diela eta, arrazoia azaldu du Rigauk: "Hasiera batean ez zuen delitu zantzurik atzeman. Baina gerora, irizpidea aldatu zuen", salatu du.
"Kataluniako Parlamentuaren agindua bete nuen. Nire Parlamentua da", nabarmendu du. Egun hartan eduki zuen egitekoaz galdetuta, ikastetxeetako zuzendariei hauteslekuak zabaltzeko agindurik eman ez ziela argitu du, lekua utz zezaketela bakarrik iradoki zieten.
Goizean heldu da Rigau justizia jauregira, Kataluniako Gobernuaren ordezkaritza zabala ondoan zuela eta independentziaren aldeko ehunka lagunen babespean.
Artur Mas Generalitateko presidenteak ostegunean deklaratuko du.
A9ko galdeketaren kontrako kereilak 2014 amaieran onartu zituen tramitera Kataluniako Auzitegi Nagusiak, baina irailaren 29ra arte, Katalunian irailaren 27an hauteskundeak egin eta bi egunera, ez dituzte Generalitateko hiru buruzagi hauek inputatu gisa deklaratzera deitu.
Hilabete hauetan, hainbat izapide egin ditu Auzitegiak. Besteak beste, hautesleku izan ziren ikastetxe batzuetako zuzendariak galdekatu eta kontsultaren boto-paperak eta barne komunikazioak aztertu ditu eta dokumentazioa eskatu du.
Akusazioa
"Konstituzioaren interprete nagusia denak emandako ebazpen bat behar bezala betetzeari muzin egitea" egotzi die Fiskaltzak Masi, Ortegari eta Rigauri. Auzitegi Konstituzionalak emandako agindua gorabehera, prozesu parte-hartzailea antolatu eta bultzatu zuten.
Fiskaltzaren aburuz, aurrena antolatu zuten kontsulta eta gero kontsulta ordezkatu zuen prozesu parte-hartzailea, biak utzi zituen bertan behera Auzitegi Konstituzionalak, eta horren jakitun izan arren, berdin-berdin antolatu zuten galdeketa. Artur Mas Kataluniako presidenteak ordukoan egindako adierazpen batzuk jaso ditu Fiskatzak, proba gisa: "Fiskaltzak hauteslekuak zabaltzearen arduraduna nor den jakin nahi badu, ni naiz erantzulea, ni eta nire gobernua".
Fiskaltzak nabarmendu duenez, ez da beharrekoa Generalitateak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez betetzeko erabakia berariaz adierazi izana, "nahikoa da borondateari erreparatzea, jarrera aktibo edota arduragabe edo adierazi gabekoa erakustea".
Fiskaltzaren arabera, Kataluniako Gobernuak "antolatutako, babestutako eta ordaindutako kontsulta" izan zen. Konstituzionalaren ebazpena argia zen, eta, hala ere, hiru inputatuak modu pertsonalean eta zuzenean aritu ziren galdeketa sustatzen eta babesten.
Rigauren eta Ortegaren aldeko elkarretaratzea
ANC, Omnium, AMI eta ACM independentziaren aldeko elkarteek kontzentrazioa egin dute Kataluniako Justizia jauregiaren aurrean, bi inputatuei babesa emateko eta "demokraziaren kontrako erasoa" salatzeko. Masek deklaratzen duenean ere, beste elkarretaratze bat egingo dute taldeok.
(Esteladak eta independentziaren aldeko kartelak ikusi ahal izan dira elkarretaratzean. Argazkia: EFE)
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa