13:05

Politika

Eusko Legebiltzarra

PPk atzera bota du 'Askatasuna eta Bizikidetza' lantalderako ekimena

E.G | eitb.eus

Euskadiko PPren buruzagiak agertu duenez, EH Bilduk "zapuztu" du euren "asmo ona", mozioa "garaipen" gisa hartu duelako.

1:19
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Atzera egin du azkenean Arantza Quiroga Euskadiko PPren buruzagiak. Atzo bertan Eusko Legebiltzarrean 'Askatasuna eta Bizikidetza' lantaldea osatzeko aurkeztutako mozioa erretiratuko dutela iragarri du. Egun ez atzera ez aurrera dagoen Bake eta Bizikidetza lantaldea ordezkatzeko ekimena zen atzo PPk aurkeztutakoa, alderdi guztien parte hartzea bilatzen zuelako.

Indarkeria "gaitzestea" barik, "errefusatzea" eskatzeko asmoa zuen PPk lantalde horretan. EH Bilduk eta EAJk begi onez hartu zuten atzo bertan, baina haustura eragin zuen Madrilen. Gaur bertan, kontra egin dio Alfonso Alonso Osasun ministroak eta "ETAren terrorismoa gaitzestea" ezinbestekoa dela gogorarazi dio. AVT biktimen elkarteak harago jo du, eta Quiroga kargutik kentzea eskatu du, atzera egin ezean.

Eguerdirako urgentziaz deitutako prentsaurreko batean, burumakur agertu da Quiroga, EH Bilduk euren "asmo ona zapuztu" duelako. Haren hitzetan, koalizio abertzaleak "garaipen" moduan hartu du PPren ekimena eta hori "bidegabea eta manipulazio hutsa" da.

Dena dela, Euskadiko PPk "gizartearen alde lanean" jarraituko duela azpimarratu du Quirogak: "Mozioaren izpiritua helduko da. Baina orain ez da une aproposa", iragarri du. Buruzagi 'popularra'k espero du eztabaida "modu egokian" helduko dela egunen batean Legebiltzarrera, "une horretan askatasunean ariko gara bizikidetza eraikitzen", argudiatu du.

Anton Damborenea eta Borja Semper Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko presidenteak eta Nerea Llanos Euskadiko PPko idazkari nagusiak ondoan zituela mintzatu da Quiroga. Azaldu duenez, azalpenak eman beharra zituen, euren ekimena "manipulatu" dutelako.

Alonsoren adierazpenei dagokienez, Quirogak esan du EH Bilduk mozioaz egin duen erabilerak eragin duela "nahasmendua", PPren jarrera argia delako, "terrorismoari zilegitasuna kentzea" eta "gaitzestea" berdina baita.

Quiroga ez da damutzen mozioa aurkeztu izanaz, eta azpimarratu du berriro egingo lukeela, "hori baita bidea", nahiz eta EH Bilduk egindako "erabilerak" agerian utzi ez zela eztabaidatzeko unea.

"Ez dut irakurketa desberdina egiten lagundu nahi, eta uste dut hori dela zentzuzkoena", berretsi du ekimena atzera bota izana justifikatzeko.

"Hemen badakigu nor izan den proposamena pikutara bota duena", azpimarratu du Quirogak EH Bilduri erreferentzia eginez. Izan ere, zintzotasun falta eta testua "alderdikeriaz" erabiltzea leporatu dio.

PPk ezin omen du onartu ezker abertzaleak ekimena "EH Bilduren garaipen" gisa aurkeztea, ez delako "justua" ez mozioarekiko ez popularrek terrorismoaren aurka egin duten ibilbidearekiko.

Presiorik ez

Quirogaren esanetan, terrorismoari "legitimazioa kentzea" zuen helburu mozioak eta hori indarkeria "gaitzestea"ren sinonimoa da.

PPren zuzendaritzaren aldetik mozioa erretiratzeko presiorik jaso ote duen galdetuta, ezezkoa bota du Quirogak eta alderdiak ekimenari erakutsitako "sentsibilitatea" eskertu. Argitu duenez, ez zion Genovako zuzendaritzari ekimenaren inguruko iritzirik eskatu, "gure alderdian ez dugulako inoiz halakorik egin behar izan", azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren erreakzioa

Josu Erkoreka Justizia sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Arantza Quiroga EAEko PPren presidentearen erabakia (Eusko Legebiltzarrean Bake eta Bizikidetza lantaldea ordezkatzeko ekimena aurkeztu zuen atzo) "atzera pausoa" dela, izan ere, "elkarrizketa baztertu egiten du".

Urkulluren gobernuko bozeramailearen arabra, "gaur atzo baino okerrago gaude, elkarrizketari ateak itxi dizkiotelako". "Alderdi politikoen artean elkarrizketaren bidea irekitzeko aukera irekita zegoela zirudien, eta behar-beharrezkoa da, baina erabaki horrekin elkarrizketa baztertu egin dute".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena