10:08

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Barkosek lehendakariarekin bat egingo du Nafarroako Ituna defendatzeko

Agentziak | erredakzioa

Nafarroako presidenteak uste du hauteskundeei begira erabiltzen den gaia dela, Estatuko gainerako biztanleei zuzenduta, baina ez du uste zalantzan dagoenik, are gutxiago nafarren artean.

  • Uxue Barkos Nafarroako presidentea.

    Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak esan du Iñigo Urkullurekin bat egingo duela Nafarroako Itun Ekonomikoa eta Euskal Kontzertu Ekonomikoa defendatzeko, "indar handiagoa" izango dutelako elkarrekin.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Nafarroak Estatuarekin duen Itun Ekonomikoa "ez dagoela zalantzan pentsatu nahi" du, "are gutxiago" Foru Erkidegotik. "Kasu horretan, ziur nago hori dela gehiengoaren iritzia", gaineratu du.

Hala ere, "arriskua egiazkoa da inposatzen ari diren oinarrizko legedian birzentralizazioa ezartzen ari direlako, gaiaren inguruko eztabaida politikoa bahituz, eta PPren gehiengo osoko lau urteotan ikusten ari gara", Barkosen esanetan.

"Beraz, badago arriskua sakonean. Pentsatu nahi dut, aldarrikapenean, inork ez duela Nafarroan itun hori zalantzan jartzen", azpimarratu du.

Horren harira, Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiaren adierazpenak izan ditu hizpide, Kupoa aldatzearen aldeko apustua egin baitzuen, eta "horrelakoetan (hauteskundeetatik gertu) erabili ohi den tresna" dela uste du.

"Elkartasunaren kontrako jarrerez hitz egiten dute, eta kontrakoa da, hain justu. Itun batetik datorkigun tresna bat da, Nafarroaren autogobernuaren oinarria, hemen inork ez du zalantzan jartzen, ezta estatu mailako alderdietako ordezkariek ere", azaldu du Barkosek.

Nafarroako presidentearen arabera, "hauteskundeei begira erabiltzen den tresna bat izateaz harago, Nafarroako gehiengoak eta ordezkari politikoek ez dute zalantzarik egiten, eta hori da garrantzitsuena".

Hala, horren defentsan Iñigo Urkullu lehendakariarekin bat egingo ote duen galdetuta, baietz erantzun du. "Logikoa denez, elkarrekin defendatzeko asko dugula uste dut, bat egiten dugu interes orokorrean. Beraz, indar handiagoa izango dugu elkarrekin", azpimarratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena