Politika
Inputazioa
Agentziak | Erredakzioa
EAJren hitzetan, “ez da kasualitatea” Kataluniako hauteskundeak izan eta egun batzuetara ematea Mas, Ortega eta Rigauren inputazioaren berri.
David Fernandez CUPeko diputatu ohia hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Artur Mas Generalitateko presidenteari, Joana Ortega Kataluniako Exekutiboko presidenteorde ohiari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari elkartasuna adierazi die David Fernandez CUPeko diputatu ohiak, eta Estatu “inkisitoriala” salatu du.
“Elkartasun osoa Estatu neurotiko, autoritario eta inkisitorialaren aurrean”, adierazi du Fernandezek Twitter sare sozialaren bidez.
ANC eta Omnium: “Ez da gertakari bakana”
Era berean, Jordi Sanchez ANCko presidenteak eta Quim Torra Omnium Culturaleko buruak babesa eman diote Generalitateko presidenteari. Inputazioa “ez da gertakari bakana”, esan dute, eta Estatuaren estrategia Kataluniaren erabakitzeko eskubidea “ukatzea” dela salatu dute.
Bi erakundeek “erantzun egokiena” bilatuko dutela esan du Sanchezek, baina xehetasun gehiagorik eman gabe. “Bistakoa da Estatuak Kataluniako herritarrei adierazpen eskubide demokratikoa ukatzen diela”, erantsi dute.
Jazarpen politikoa dela uste du CDCk
Erabakiaren atzean jazarpen politikoa dagoela azpimarratu du Pere Macias CDCren Kongresuko bozeramaileak. Zentzu horretan, hautetsontzietan irabazi duena paretik kendu nahi dutela salatu du Maciasek.
Estatuko erakundeek “kalitate demokratiko eskasa” dutela kritikatu du CDCko ordezkariak. “Prozedura horiekin hautetsontzietan irabazi duen norbait paretik kendu nahi dute; ez du kalitatezko demokrazia bat ematen”, adierazi du.
ERC: "Demokrazia garaiezina da"
Inputazioa ez dela “ezustekoa” esan du Joan Tarda ERCren Kongresuko bozeramaileak. Tardaren ahotan, erabaki horrek agerian uzten ditu “Espainiako sistema politikoaren intolerantzia, onespenik eza eta ergelkeria”. Hala ere, “demokrazia menderaezina da”, ohartarazi du.
Inputazioak ez dio prozesu soberanistari oztoporik jartzen, “alderantziz”, azaldu du Tardak Kongresuan.
Riverak Masi buruz: "Edozein herritar zuzenbide estatuaren pean dago"
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentearen inputazioa hizpide izan du Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak: "Edozein espainiar zuzenbide estatuaren pean dago".
Riveraren hitzetan, "baten batek Justiziaren aurrean azalpenak eman behar baditu balizko delitu batzuk egin dituelako izango da", eta gaineratu du ez diotela Ciudadanoseko inori deitu azaroaren 9ko galdeketari lotuta azalpenak emateko.
Politika judizializatzearen "akatsa" berretsi du PSCk
Assumpta Escarp PSCko Antolakuntza idazkariaren esanetan, “akatsa” da politika judizializatzea. “Erabaki judizialak errespetatzen ditugu, baina politikaren alorrean edota elkarrizketa bidez konpondu beharko litzatekeen auzia dela uste dugu”, esan du.
“Esan genuen PPk akatsa egin zuela garrantzia juridikorik ez zuen gai bat epaitegietara eramanda, nahiz eta Masek ere akatsa egin zuen azaroaren 9ko galdeketa deitzeko kontsulta legea erabilita”, adierazi du Escarpek.
Podemos: Masek ez luke azalpenik eman behar "jendeak botoa eman dezan" lan egiteagatik
Iñigo Errejon Podemoseko idazkari politiko eta bigarrenak salatu egin du Masen inputazioa. Horren esanetan, “murrizketengatik eta ustelkeriagatik eman beharko lituzke Masek azalpenak, eta ez jendeak botoa eman dezan lan egiteagatik”.
Halaber, arduragabekeriaz jokatzea egotzi dio PPri. “Kataluniako hauteskunde kanpainan ikusi dugun bezala, prest dago Kataluniari su emateko, horrela hauteskunde orokorrei begira zerbait irabazten badu”, deitoratu du.
"Zentzugabekeria" eta "hondamendia" dela uste du IUk Masen inputazioa
Jose Luis Centella Ezker Anitzak Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak zentzugabekeriatzat eta hondamenditzat jo du Masen inputazioa.
Centellaren iritziz, argi gelditu da ez dutela balio ez azaroaren 9ko galdeketak eta ezta plebiszitu hauteskundeek ere. Hori dela eta, galdeketa legezko eta demokratikoa egitearen alde agertu da.
Inputazioaren ostean, presidentziari uko egiteko eskatu dio Albiolek Masi
Inputazioaren ondoren, Generalitateko presidentetzari uko egiteko eskatu dio Xavier Garcia Albiol Generalitaterako PPren presidentegaiak Artur Mas Generalitateko jarduneko presidenteari. "Kataluniak ezin du desobedientziagatik inputatuta dagoen Espainiako gobernuaren eta gizartearen arteko bitartekari bat izan", adierazi du.
Ironiaz mintzatu da eta esan du "kasualitatea" behar duela izan kereilak aurkeztu eta ia urtebetera eta hauteskundeak izan eta bi egunera auzitegiek Mas inputatzea. Halaber, Lluis Companysen fusilamentuaren 75. urteurrenaren egunean deklaratu beharko du.
Kataluniaren eta Espainiaren arteko auzia judizializatzea "akatsa" da, Unioren esanetan
Ramon Espadaler Unioko idazkari nagusiaren hitzetan, "huts barkaezina da Kataluniaren eta Espainiaren arteko auzia judizializatzea". Ildo horretan, auzia konpontzeko bidea politikan aurkitu behar dela gaineratu du.
"Esparru judizialetik erantzun bat behartzen den bakoitzean zailagoa egiten da elkarrizketa", azaldu du.
Gatazka "politikatik" konpontzea eskatu du EAJk
Bestalde, Kataluniako gatazkari “politikatik” aurre egiteko eskatu du Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan duen bozeramaile albokoak, eta prozedura judizialekin "ez nahasteko" eskatu du.
Azpiazuren hitzetan, “ez da kasualitatea” Kataluniako hauteskundeak izan eta egun batzuetara ematea Mas, Ortega eta Rigauren inputazioaren berri.
Amaiur: "Estatuak beti erantzuten du mehatxuekin"
Xabier Mikel Errekondo Amaiurrek Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak elkartasuna adierazi dio Artur Mas Kataluniako jarduneko presidenteari.
“Masek kontsulta deituta, Kataluniako gizartearen gehiengoak eskatutakoa baino ez zuen bete”, azpimarratu du.
Gauzak horrela, “elkartasuna adierazi nahi diogu berari eta Kataluniako herriari; izan ere, azken urteotako jarrerari eusten dio Espainiako Gobernuak: mehatxuak, mehatxuaren atzetik”, erantsi du.
k”, erantsi du.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa