Politika
polizia-operazioa
EITB.eUS
David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak, Ramon Sagarzazu ETAko kide historikoa eta Pantxoa Flores, atxiloketak egin dituzten etxearen jabea, epailearen esku uzteko zain daude.
Albisteak (2)
Bideoak (6)
David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruek, Ramon Sagarzazu ETAko kide historikoak eta Pantxoa Floresek, atxiloketak egin dituzten landetxearen jabeak, polizia-etxean jarraitzen dute, epailearen esku noiz utziko dituzten zain. Atxilotuak ez dituzte Parisera eraman oraindik, eta Baionako polizia-etxean daude oraindik, Radio Euskadik jakitera eman duenez.
Kasu hauetan, ikerlariek 96 orduko epea dute epailearen aurrean utzi aurretik. Epaileak erabakitzen du gero inputatzeko zantzurik ba ote dagoen, eta beste batek erabakitzen du espetxean sartu ala ez.
Lau atxilotuak asteartean atxiki zituzten Pardines operazioan. Landetxean, material informatiko ugari eta bi pistola topatu zituzten, albiste-agentziek terrorismoaren kontrako iturriak aipatuta zabaldutakoaren arabera.
Pla eta Sorzabal ETAko buruzagitzat ditu Espainiako Barne Ministerioak. Polizia iturrien esanetan, Sorzabalek eta Plak irakurri zuten, 2011ko urrian, ETAk jarduera armatua uzten zuela iragartzen zuen agiria. Halaber, biek ala biek Osloko (Norvegia) bake negoziazioetan parte hartu zuten, prozesuak aurrera egiten ez zuela-eta bertatik kanporatu zituzten arte.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren hitzetan, David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotuta ETA "bururik gabe" utzi dute. "Jakina, denbora daramagu esaten ETA hilotz bat dela, eta heriotza agiria sinatzea besterik ez zaiola geratzen", adierazi zuen.
Bestalde, "ETAren amaiera ordenatua" bilatzearen aldekoa dela esan du Jaurlaritzak, eta horretarako proposamen zehatz bat egin zuela. Sorturen ustez, berriz, atxiloketek ez dute "inolako zentzurik", ETA "armagabetzearen aurreko inbentariatze eta zigilatze prozesuan" baitago "buru-belarri".
Tentsio uneak
Bestalde, ehun bat lagun bildu ziren atxiloketak egin zituzten etxearen inguruan, 19:45 inguruan, atxilotuei babesa helarazteko asmoz.
Etxera hurbiltzen saiatu ziren, baina 40 bat jendarmek aurrera egitea galarazi zieten, eta tentsio uneak izan ziren. Antza, manifestari batek harri bat jaurti zien, eta poliziek ke-potoak bota zituzten.
Miaketa Oiartzunen
Era berean, Guardia Zibilak Sagarzazuren etxea miatu du goizaldean, Oiartzunen (Gipuzkoa). Miaketa arratsaldeko azken orduan hasi zen, guardia zibilek Sagarzazuren nortasuna baieztatu ondoren, eta ia lau ordu iraun du.
Guardia Zibilaren dozena bat ibilgailu joan dira Oiartzungo Araneder kaleko etxebizitzara, eta, ordu batzuk geroago, guardia zibilek zenbait kutxa eraman dituzte. Gainera, auto bat miatu dute.
00:50 aldera, etxebizitzaren inguruan ezarritako hesia kendu eta miaketa bukatutzat eman dute.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa