Politika
BIKTIMEN ALDEKO EKITALDIA
EITB.EUS
Oroimenaren Euskal Institutuaren egoitzan biktimen alde egiten ari diren ekitaldian lehendakariak esan duenez, "iragana gainditu egin behar dugu, bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko".
Albisteak (3)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
Iñigo Urkullu lehendakariak biktima guztien aitortza modu integralean egitea defendatu du, biktima horiek eragin dituen indarkeria mota batekoa edo bestekoa izan. Eusko Jaurlaritzak biktimak oroitzeko ekitaldia antolatu du Bilbon, eta 128 alkate gonbidatu zituen; indarkeriaren biktimak izan dituzten herrietako alkateak, hain zuzen. Gonbidatutako 128 alkateetako 112 joan dira ekitaldira.
"Begiratu dezagun aurrera, egin dezagun aurrera, egunean eguneko liskarrak alde batera utziz. Erronka guztiona da, eta ahaleginak merezi du. Atzera begiratuz, ondorio bat konpartitzen dugu: iragana gogoratu behar dugu, eta oinarriak jarri, berriro ere inoiz ez errepikatzeko", adierazi du. Zuzenean aipatu gabe, "ETAren indarkeria bidegabea izan zela aitortzea" eskatu dio ezker abertzaleari, eta biktima guztiak eta "sufrimendu guztiak berdinak" direla onar dezatela, PSE-EEri eta PPri.
Lehendakariak eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak txosten bat eman diete alkateei. "Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" izeneko txosten horretan, azken 50 urteetan horietako bakoitzaren udalerrian eraildako biktimak daude jasota. Ekitaldia Oroimenaren Euskal Institutua hartuko duen egoitzan egin da.
Fernandezek aurkezpen lanak egin ondoren, Urkulluk hartu du hitza. Horren hitzetan, gainditu egin behar dugu iragana, bizikidetzaren oinarriak jartzeko. "Biktima guztiak aitortzeko gai garen egunean, urrats handi bat emango dugu bakegintzan eta elkarbizitzaren eraikuntzan", lehendakariaren aburuz.
"Eskuzabaltasuna" eskatu die Urkulluk alkateei. Elkarrekin argazkia atera ondoren, lehendakariak biktimen aldeko omenaldiak eta aitortza ekitaldiak antolatzeko deia egin die bertan bildu direnei. "Biktima guztiek izen-abizenak dituzte, eta modu pertsonalizatuan omenaldiak antolatzera gonbidatzen zaituztet", esan du. Biktimekiko eta horien familiekiko "zor etikoa" dugula azpimarratu du.
Udal bakoitzaren esku utzi du biktimen aldeko ekitaldiak antolatzea, baina azaroaren 10a, Memoriaren Eguna, horretarako egokia izan daitekeela esan du.
"Azaroaren 10a da eguna, badugu astia, eta ez gara zerotik abiatzen. Gaur, 2013ko martxoaren 14an Legebiltzarrean hartutako erabaki bat ekarri nahi dut gogora. Zoru etikoaren oinarrizko printzipioa da. Honela dio: Etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, eta eragindako mina eta biktimen duintasuna ere aitortzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparazioa", esan du lehendakariak.
Gonbidapen bat eginez amaitu du hitzaldia lehendakariak: "Antola ditzagun memoria politikak gure herri eta hirietan. Antola ditzagun ekitaldi horiek eskuzabaltasunez, ahal dugun adostasun zabalenak lortuz". "Begiratu dezagun aurrera, egin dezagun aurrera, egunean eguneko liskarrak alde batera utziz. Erronka guztiona da, eta ahaleginak merezi du. Atzera begiratuz, ondorio bat konpartitzen dugu: iragana gogoratu behar dugu, eta oinarriak jarri, berriro ere inoiz ez errepikatzeko", gaineratu du.
112 alkate joan dira ekitaldira, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu alderdietakoak, biktimaren bat izan duten udalerrietako alkateak alderdi horietakoak direlako. PPko eta UPyDko alkaterik ez da izan ekitaldian, eta horrek kritika ugari ekarri ditu azken egunotan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa