Itxi

Politika

Polizia operazioa

Guardia Zibilak CDC eta haren fundatzioa miatu ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ostiralean egindako miaketa 'Petrum auzia'ren baitan egiten dute, Torredembarrako Udaleko ustezko ustelkeriagatik zabalitako auziaren baitan.

1:19

Guardia Zibila Convergencia Democratica de Catalunya (CDC) alderdiaren egoitza nagusian sartu da ostiral honetan, Bartzelonako Corcega kalean, dokumentazio bila (legez kanpoko komisioak kobratu zituzten argitzeko), ikerketatik gertuko iturriek jakitera emandakoaren arabera.

CDCren alderdiaren Catdem fundazioaren egoitza bat eta Kataluniako lau udaletxe (Lloret de Mar, Figueres, Sant Celoni eta Sant Cugat del Valles) ere miatu dituzte, Tarragonako El Vendrell herriko 1. zenbakiko Epaitegiaren aginduz, horren esanetan. Epaitegi horrek darama 'Petrum auzia', Torredembarrako Udaleko ustezko ustelkeriagatik zabalitako auzia.

Kasuaren gertuko iturriek zabaldu dutenez, Catdem fundazioaren egoitzara sartzeaz gain, Lloret de Mar, Figueres, Sant Celoni eta Sant Cugat del Valles herrietako udaletxeetara sartu da Guardia Zibila informazio bila, administrazio publikoaren kontrako delituak ikertzeko agiri bila. Eguerdian amaitu dute fundazioaren miaketa

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzarekin batera egiten ari dira miaketak, eta, antza denez, Daniel Osacar alderdiko diruzain ohiaren etxea ere miatzekoak dira. Ustezko udal ustelkeriagatik zabaldutako 'Petrum auzia'ren baitan egiten ari dira polizia operazioa, eta, iturri horien hitzetan, ez dute inor atxilotzea aurreikusten.

22.30ean amaitu da miaketa eta Guardia Zibilak Andreu Viloca administratzailearen bulegotik hainbat kutxa atera ditu. Dokumentu horien gehiagoen CatDem fundazioaren kontabilitatearekin lotuta dago, alderdiko iturriek adierazi dutenez.

Horrez gain, ikerlariek administratzailearen ordenagailuaren kopia bat eta hainbat espedienteren kopiak egin dituzte.

Sumarroca familiako hiru kide, inputatuta

Auzi horretan, Sumarroca familiako hiru kide daude inputatuta; CDC alderdiaren fundatzaileetako baten seme den Jordi Sumarroca, tartean.

Uztailaren 23an atxilotu zuten Jordi Sumarroca, Joaquim osaba eta Susana lehengusinarekin batera, ustelkeriaren eta diru zuriketaren kontrako operazio batean. Aipaturiko auzian, kontratazio publikoen bidez Daniel Massague Torredembarrako alkate ohiaren enpresei ustez legez kanpo emandako komisioak ikertzen ari dira. Instrukzioko epaileak karguekin libre utzi zituen Joaquim eta Susana Sumarroca, baina pasaportea erretiratu zien, badaezpadako neurri gisa. Bestalde, Jordi Sumarroca karguekin aske gelditu zen abuztuaren 11n, 600.000 euroko bermea ordaindu ostean.

Sumarroca familiako kideei atzemandako dokumentuetatik tiraka, lau udal horien lanen esleipenen % 3 Catdem fundazioari ordaindu izanaren zantzuak atzeman zituen Guardia Zibilak.

CDCk bere burua defendatu eta miaketak hauteskundeetan izan lezakeen eragina deitoratu du

Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak alderdiaren ohorearen alde egin du, Catdem fundazioan ostiral honetan izandako miaketa gorabehera (alderdiarekin erlazioa du fundazio horrek). Dioenez, honek interferentzia sor lezake Kataluniako hauteskundeen aurrekanpainan.

"Lasai gaude. Gauzak ondo egin ditugu. Gure ohorea defendatuko dugu", esan du Rullek, eta Catdemek jasotako diru-laguntzen gardentasunaren alde egin du. Rullen arabera, Catdemi eskatu zaiona da hainbat enpresak Catdemi emandako diru-laguntzen gaineko dokumentazioa, eta horien legaltasuna bermatu du: "Dena da argia, garbia eta gardena".

Rullek nabarmendu du CDC beti egoten dela justiziari laguntzeko prest, gardentasunaren bila, eta uste du onartezina dela komunikabideek alderdiak baino lehenago izatea miaketaren berri. CDCk, ondorioz, babesa eskatuko du.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ere hizpide izan du CDCren egoitzaren miaketa eta epaileen erabakiak "gehiago errepestatzeko" eskatu dio alderdiari. "Kanpoan etsaiak aurktu beharrean, hobe lukete barruan gertatzen denaz arduratuko balira", adierazi du Saenz de Santamariak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Katalunia