Politika
Diputatuen Kongresua
Agentziak | Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak babestu egin du Greziaren erreskatea, Izquierda Pluralen eta Talde Mistoaren hainbat alderdiren ezezkoarekin. Espainiak 10.000 milioi euro jarriko ditu erreskatean.
Albisteak (3)
Diputatuen Kongresuak baiezkoa eman dio Espainiak Greziaren hirugarren erreskatean parte hartzeari, oposizioaren gehiengoaren aldeko botoekin. Izquierda Plural eta Talde Mistoko hainbat alderdi agertu dira horren kontra.
Greziaren erreskatearen inguruko bost ebazpen onartu dituzte, hirugarren erreskatea onartzeko eta horretan parte hartzea eskatzeko Espainiako Gobernuari. PPrena, EAJrena, PSOErena, CiUrena eta UPyDrena izan dira aurrera egin duten bost ebazpenak.
Bost orduko eztabaida izan da, eta Greziako Gobernuak onartutako 86.000 milioi euroko hirugarren erreskatea izan dute bertan aztergai. Horietatik 10.150 miloi euro jarriko ditu Espainiak.
Astearte honetan onartutako ebazpenetan, Kongresuak elkartasuna helarazi dio Greziari, eta bertako Gobernuari dei egin dio ''hazkundea'' bultza dezan ''elkartasunezko Europa batean''. Horrekin batera, azpimarratu egin du ''garrantzitsua'' dela Greziak eurogunean jarraitzea, eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) parte hartzea bultzatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Gobernuak sei hilerik behin eman beharko du Greziaren erreskatearen berri Kongresuan.
Luis de Guindos
Gaurko saioan zehar, Luis de Guindos Ekonomia ministroak esan du Greziako esperientziak agerian utzi duela eurogunean ez dagoela ''laburbiderik'', eta politika ''arduratsuek'' bakarrik dutela lekua. Halaber, ''populismoaren sirena-hotsek aurreikuspen betegabeak, frustrazioa eta gizartearen atsekabea'' dakartzatela esan du, eta ''Greziak oraindik ere bide luze eta konplexua du aurretik'', aitortu du.
Babesa
Carlos Floriano PPko ordezkariak Kongresuko ''gehiengoaren babesa'' azpimarratu du.
Juan Moscoso PSOEko bozeramaileak, bestalde, eurogunean zenbait erreforma egiteko beharra nabarmendu du, konfiantza berreskuratu eta hazkunde ekonomikoa lortzeko.
UPyDk ere erreskatea babestu du, baina hainbat egitura erreformatzeko beharra aldarrikatu du bere ebazpenean.
''Greziako herritarrekin bat egiten dugu erreskatea babestuta, horren arrakastaren menpe baitago Europar batasunaren etorkizuna'', esan du Pedro Azpiazu EAJko ordezkariak.
CiUk ere babesa agertu dio erreskateari, baina NDFk ere akordioan parte hartzeko eskatu du, eta aldian-aldian neurrien berri emateko eskatu dio Gobernuari.
Kontra
Bestalde, Alberto Garzon Espainiako Gobernuko presidente izateko IUren hautagaiak ez du hirugarren erreskatea babestu, ''Greziako ekonomiarentzat kaltegarria'' dela argudiatuta. Garzonen hitzetan, ‘’austeritate politika berdinei’’ eusten die erreskate honek ere.
Rafael Larreina Amaiurreko ordezkaria ''Greziaren subiranotasunaren alde'' agertu da, ''kanpotik datozen inposizioen kontra'', eta Geroa Bai ere kontra azaldu da.
Joan Coscubielak (Izquierda Plural) esan du Greziaren subiranotasuna dagoela jokoan, eta ERCk eta BNGk euren ebazpenen alde egin dute, ''pertsonak babesteko''.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa