Itxi

Politika

NAFARROAKO GOBERNUA

Uztailaren 20an izango da Barkosen inbestidura-saioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidente izateko hautagai proposatzea erabaki du Ainhoa Aznarezek.

00:39

Nafarroako Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarezek, Legebiltzarreko talde guztietako bozeramaileekin bilerak izan ostean, erabaki du Uxue Barkos ofizialki hautagai proposatzea Foru Erkidegoko presidente izateko inbestidura-saiorako. Aznarezek hartu duen erabakiaren arabera, uztailaren 20an egingo da inbestidura-saioa eta 23an kargu-hartzearen ekitaldia.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-E alderdietako bozeramaileek 26 aulki batzen dituzte 50etik, eta aurreratu dute Barkosen inbestidurari babesa emango diotela, uste baitute orain arte adostutakoarekin nahikoa oinarri dagoela, nahiz eta negoziatzen jarraitzen duten etorkizuneko Gobernuak izango duen egituraren eta osagaien gainean.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak baieztatu du Barkosen inbestiduraren aldeko boza erabat bermatuta dagoela, baina ez dagoela ados orain arte Geroa Bai alderdiak planteatzen duen gobernu-eredu "lar presidentzialista"rekin.

Podemoseko Laura Perez adierazi duenez, Barkosen hautagaitzaren alde daudela herritarrek eskatzen zuten "aldaketa-eskaera"rekin bat datorrelako.

Halaber, Jose Miguel Nuinek (I-E) azaldu du BArkosen alde azaltzen direla hitzartu duten programak "eduki sozial zabala" duelako, eskuinaren aldetik "beldurrezko mezua" zabaldu bada ere.

Aitzitik, UPN eta PP alderdiek aurreratu dute kontrako botoa emango dutela Uxue Barkosen hautagaitzari.

PSNri dagokionez, María Chivite bozeramaileak atzo azaldu zuenaren arabera, bere alderdiaren boza Barkosek aurkeztuko duen programaren, gobernu-osaketaren eta egingo duen mintzaldiaren menpe egongo da.