Politika
KONTSULTA KATALUNIAN
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Generalitateko Centre d'Estudis d'Opinió (CEO) erakundearen azken barometroaren emaitzak jakinarazi dituzte gaur.
Independentziarekiko ezezko jarrerak botoen % 50 eskuratuko lituzke Katalunian, baiezkoaren % 42,9aren aurrean, gaur plazaratu duten Generalitateko barometroaren arabera.
Emaitza horretan, Katalunia Espainiako parte izaten jarrai dezan nahi dutenek zazpi puntuko aldea aterako liekete baiezkoaren aldekoei; gainera, ezezkoaren aldekoen aurrerapausoa islatzen da aurreko barometroarekin alderatuta: barometro hartan, ezezkoek bozen % 48 eskuratu zuten, eta baiezkoek % 44,1.
"Zer uste duzu izan beharko litzatekeela Katalunia?" dioen galderari honela erantzungo liokete kataluniarrek: "Estatu independentea" (% 37,6 ), "Autonomia-erkidegoa" ( % 29,3),"Estatu bat Espainia federal baten barruan" (% 24).
Beste galdera batean, Kataluniako hurrengo hauteskundeetan botoa erabakitzeko orduan garrantzia gehien duen gaia zein den planteatzen da, eta honako erantzun hauek jaso ditu barometroak: "krisi ekonomikoari aurre egiteko alderdi bakoitzak dituen proposamenak" (% 58,9), "Espainia eta Kataluniaren arteko harremanarekiko alderdi bakoitzak duen jarrera" (% 21,1); hala ere bada bi kontuak garrantzia bera dutela pentsatzen duenik ere (% 14,6).
Inkestatuek euren aburuz arazo garrantzitsuenak zein diren baloratzen dituztenean, langabezia eta lan prekarietatea azaltzen dira lehendabiziko postuan (% 42,1), jarraian politikarekiko duten atsekabea (% 14,5) eta ekonomiaren funtzionamendua (% 10,7) azaltzen dira, hurrenez hurren.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa