10:48

Politika

Eusko Legebiltzarra

Urkulluk presoak gizarteratzeko legezko ekimena iragarri du 2016rako

agentziak | erredakzioa

Lehendakariak esan du eredu berri bat egingo duela Jaurlaritzak: "Zehatza, legezkoa, bideragarria eta errealitatera egokitua".

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du urtebete barrurako Jaurlaritzak egina izango duela presoak gizarteratzeko plan berri bat: "Zehatza, legezkoa, bideragarria eta errealitatera egokitua".

Iñigo Iturrate alderdikidearen galdera bati erantzute aldera eman du horren berri lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren kontrolerako saioan.

Datozen hilabeteetan Bake eta Bizikidetza alorrean egingo duten lanen artean nagusietakoa izango omen da presoak gizarteratzerako plana.

Eredu hori 'Zuzen Bidean' egitasmoaren barruan garatuko dute, Jaurlaritzak iazko urte amaieran onartutako programaren barruan. Legea aldatzeko beharrik ez duten hamar proposamen, eta zigor eta kartzela politikan legea aldatzea eskatzen duten beste hainbeste proposamen jasotzen ditu.

Besteak beste, presoak gerturatzea, presondegietan elkartzea, eta 70 urtetik gorakoak edo gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eskatzen du.

Herriko Tabernak

Urkulluk Herriko Tabernen auziari buruzko galdera bati ere erantzun dio, EH Bilduk sustatuta. Izan ere, Espainiako Estatuak 107 lokal konfiskatu izana "espoliazioa" dela salatu du Julen Arzuaga legebiltzarkide abertzaleak.

Hori horrela, Jaurlaritza "salbuespen" neurrien aurka dagoela adierazi du lehendakariak, eta legeak egungo egoerara moldatzea eskatu du, bizikidetzan aurrera egiteko. Horren ildotik, "dena da ETA" ideia oinarri hartutako erabakiak kritikatu ditu, "bidegabeak" direlako.

Nolanahi ere, Gasteizko Gobernua eta euskal gizartea ez direla egoera horren "erantzuleak" nabarmendu du, eta "ezker abertzaleak hainbat hamarkadaz indarkeria babestu izana" ere ez dela horien "erantzukizuna" gaineratu du. Horrenbestez, "beste alde batera begiratzeari uztea eta bizikidetzan aurrera egiteko pausoak ematea" eskatu die ezker abertzaleko kideei.

"Hutsune juridiko eta ekonomikoak" Etxebizitza Legean

Bestalde, lehendakariak ohartarazi du "hutsune juridikoak, ekonomikoak eta udal kudeaketakoak" dituela Etxebizitza Legeak, baina argi adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela "atzeratuko arauaren ezarpena".

Urkulluk horixe erantzun dio Jose Antonio Pastor legebiltzarkide sozialistari, Etxebizitza legea "bere egiteko" eta "Jaurlaritzako inork izua ez zabaltzeko" eskatu dionean.

Gainera, Jaurlaritzak erakundearen "subiranotasuna eta eskumenak" defendatuko ote dituen argitzeko eskatu dio, araua auzitegietara eramaten badute.

Lehendakariak esan dio Jaurlaritzak ez duela "atzeratuko" legearen prozedura, gaur aldizkari ofizialean argitaratu dutena.

Hala, talde bat sortu omen dute "eman beharreko pausoak aztertzeko", eta berretsi du erakundeekin eta eragileekin elkarlaean arituko direla arauaren "segurtasun juridikoa bermatzeko".

Horren harira, legearen aplikazioa ez dela "erraza" azpimarratu du, "hutsuneak" dituelako.

eak" dituelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena