Politika
Galdeketa
Agentziak
Duran i Lleidaren adarra 125 botoren aldearekin nagusitu zaio independentziaren aldekoa den adar kritikoari.
Albisteak (4)
Baiezkoa nagusitu da UDC alderdiak Kataluniako prozesuari buruz igande honetan egin duen barne galdeketan. Militanteen % 50,90ek baietz bozkatu dute eta % 46,19k, berriz, ezetz, Pilar Fernandez Bozal kontseilari ohi eta galdeketaren kontrol organoko presidenteak hedabideen aurrean egin duen agerraldian jakinarazi duenez.
Galdeketako galdera honakoa zen: "Nahi al duzue UDCk prozesuarekin duen konpromisoarekin jarraitzea katalanismo integratzailetik abiatuta eta ondorengo irizpide hauek kontuan hartuta?". Baldintza horien artean daude Espainiako Gobernuarekin hitz egitea, alde bakarreko independentzia adierazpenari ezetz esatea eta Katalunia Europar Batasunaren barruan gelditzea.
Boto eskubidea zuten 4.095 militanteetatik 2.564 lagunek eman dute botoa (% 64,81) eta horietatik 1.351k baietza babestu dute eta 1.226k, ostera, ezetz. Halaber, botoen % 1,77 zuriak izan dira eta % 1,13 baliogabeak.
Dena den, oraindik ere posta bidezko botoak zenbatzea falta da eta behin betiko emaitzak datorren ostiralean ezagutaraziko dira.
Gaurko bozketan "baietz" bozkatzea eskatzen zutenen artean daude, besteak beste, Josep Antoni Duran i Lleida buruzagia, Ramon Espadaler UDCko idazkari nagusia. Bestalde, Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Antoni Castella Unibertsitateetako idazkariak ordezkatzen duten sektore kritikoak ezetzaren aldeko kanpaina egin du.
Baietzaren aldekoek zuzendaritzak defenditutako irizpideak babestu dituzte, alabaina, kritikoen esanetan ibilbide orria anbiguoa da eta zuzendaritzak esplizituki independentziari buruz galdetzea saihestu du.
Ramon Espadaler UDCko idazkari nagusiak adierazi du haren alderdiak konprometituta jarraitzen duela prozesu subiranoarekin eta ukatu egin du bozketan izandako alde txikiak alderdia zatitu egingo duenik. Espadalerrek gaineratu du zuzendaritzaren jarrera legitimatuta gelditu dela nahiz eta baietzaren eta ezetzaren arteko tartea oso txikia izan.
Antoni Castella sektore kritikoko buruak nabarmendu du zuzendaritzaren garaipena "pirrikoa" izan dela eta alderdiari eskatu dio bat egin dezala eta duela hilabete batzuk ERC eta CDC alderdiek eta eragile independentistek sinatu zuten erakundeekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa