Politika
Ekitaldia ateak itxita
Agentziak | Erredakzioa
Aste honetan bi lan saiotan parte hartuko du lehendakariak, bat “pribatua”, ostegunean, eta bestea ateak zabalik Gipuzkoako Ganberan, ostiralean.
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EiTB
Estatu osoko terrorismoaren biktimen elkarteetako ordezkariak hartuko ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan. Harrera ateak itxita egingo die, ‘Terrorismoaren biktimak eta gizartea’ jardunaldiaren bezperan.
Lehendakaritzak agiri batean jakitera eman duenez, terrorismoko biktimekin eta gizartearekin lotuta bi lan saiotan parte hartuko du Urkulluk aste honetan.
Aurreneko bilera ostegun arratsaldean egingo dute Lehendakaritzako egoitzan, eta “pribatua” izango da. Bien bitartean, ostiraleko ekitaldia ateak zabalik egingo dute Gipuzkoako Ganberan.
Lehendakaritzak azaldu duenez, bilera horiekin “biktimak eta haien elkarteak entzun eta aintzatetsi nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta baita ‘Biktimak eta Gizartea’ren inguruan gogoeta bateratua egin ere”.
Bestalde, terrorismoaren biktimen eta gizartearen inguruko “parte-hartze eta gogoetarako” jardunaldia hartuko du Gipuzkoako Ganberak ostiral goizean. Horretarako, biktimak, biktimen elkarteak eta euskal gizartearen ordezkariak gonbidatu dituzte.
Diskurtsoa
Terrorismoaren biktimak eta haien elkarteak goraipatzeko aintzatespen diskurtso instituzionala egingo du lehendakariak 9:00etan, ostiraleko jardunaldiari hasiera emateko.
Ondoren, Jose Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendariak (KREI) ‘Terrorismoko biktimen memoria eskubidea’ txostena aurkeztuko du. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak agindutako txostena da.
Solasaldia eta bideoa
‘Terrorismoko Biktimak eta Gizartea’ gaiaren inguruko mahai-inguru bat egin eta gero, lan saioa bideo batekin bukatzea espero da. Herritarrek biktimei zuzendutako mezuak grabatu dituzte bideoan, Garikoitz Mendizabalen eta Xabier Zabalaren musikarekin.
Gainera, lan saioa egingo den aretoan ‘telebista plato’ bat izango da edozein pertsonak bere proposamenak, kritikak edo testigantzak uzteko. Ekarpen horiek Eusko Jaurlaritzaren Irekia kanalean ikusi ahal izango dira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa