Politika
M24
IKER GOMEZ | EITB.EUS
EAEko lau alderdi nagusiek aurpegi ezezagunak jarri dituzte lehen lerroan, EAJk irabaziko dituen hauteskundeei begira. Ikustear dago jeltzaleak 2011ko datuei eusteko gai diren.
Informazio gehiago (1)
Aurpegi berriak, betiko siglen atzean. Ez dirudi maiatzaren 24ko hauteskundeen eraginez aldaketa handirik izango denik Bizkaiko eta Bilboko agintarien sigletan. Euskal Soziometroaren arabera, EAJk irabaziko ditu hauteskundeak Bizkaian, botoen % 34 eskuratuz. Hala ere, Itxaso Atutxaren alderdiak zalantza bikoitza askatu beharko du bozen egunean: Jose Luis Bilbao eta Iñaki Azkunaren ondorengo hautagaiek jasoko duten babes maila.
Itxuraz lasaia izan den legealdi baten ondoren, Jose Luis Bilbaok sinbolikoki eman zion hasiera kanpainaurreari karguan 12 urtez egon ondoren bere burua berriro ez aurkeztea erabaki zuela iragarrita. Zurrumurrua zabaltzen hasita bazegoen ere, ustekabeko albistea izan zen bizkaitarrentzat. Unai Rementeriak hartuko du haren tokia. Laster jakingo da bakarrik gobernatzeko babes nahikoa lortzen duen edo oposizioko talderen baten laguntza beharko duen.
Gainerako alderdiek ere, hautagai berriak eraman dituzte zerrendetako toki gorenetara. Udal alorrean maila eman duten izen-abizenek eramango dute hautagaitzaren pisua. Josu Unanue EH Bilduko hautagaiaren kasuan, Bermeoko Udalean egon da, eta Gipuzkoan koalizioak praktikan jarritako eredu ekonomikoa defendatuko du kanpainan. Carlos Totorika sozialistak Ermuko alkatetza utziko du, eta ahaldun nagusi izateko lehian sartuko da aurten. Javier Ruiz popularra, berriz, Bizkaiko PPko idazkari nagusi izendatu zuten orain urtebete, eta zinegotzi lanak egin ditu Getxon azken lau urteetan.
Bada hauteskunde hauetan alderdi tradizionalak kezkatuko dituen beste osagai bat. Inkesta guztien arabera, Podemos-Ahal Dugu alderdia euskal erakundeetan sartuko da maiatzean, eta horrek eserlekuak gutxituko dizkie gainerako taldeei. Soziometroaren arabera, Bizkaian hirugarren tokia hartuko du, sozialisten aurretik. Izan ere, sozialisten mende dauden herrietan iragarri ditu Podemosek bere plataforma indartsuenak (Portugalete, Santurtzi…). Guztira, Podemoseko zuzendaritzak babestutako hogei bat hautagaitza aurkeztu dituzte Bizkaian, eta horrek udalerri horietako mapa aldatuko du ziurrenik.
Dena dela, hauteskunde-kanpaina honetan ekonomiak izango du pisu handiena. Izan ere, ia 100.000 langabe daude Bizkaian, eta EAEko daturik txarrena du lurralde horrek. Egoerari buelta emateko formulak prest dituzte hautagaiek, eta horri emango diote garrantzia datozen bi asteetan.
Bilboko Udalari dagokionez, Juan Maria Aburto sailburu ohiak erronka handia du datozen lau urteei begira, “munduko alkate onena”ren tokia hartuko baitu. Aburtoren garaipena ziurtzat ematen bada ere, ikusteko dago Azkunak bere azken agintaldian lortutako gehiengo absolutua lortzen duen.
Ikusmina piztuko duten udalerriak
Hiriburuaz gain, aldaketa nabarmenak gerta litezke Bizkaiko hainbat udalerritan. Adibidez, ezaguna da EAJk eta EH Bilduk duten lehia politikoa Uribe Kostan, Busturialdean eta Lea-Artibain. Ean, Elantxoben eta Bermeon EH Bilduk gobernatu du azken legealdian, baina EAJrekin zinegotzi bakar bateko aldea du koalizioak. Gauza bera gertatzen da Elorrion, Igorren, Lemoan eta Sopelan; orain arte Bilduren eskuetan izan dira, baina jeltzaleak oso gertu geratu ziren orain lau urte, botoen kopuruari dagokionez.
Aitzitik, Zornotzan, Durangon eta Bakion EAJk gobernatu du, baina baliteke egoerak buelta ematea orain, EH Bilduk bere emaitzak zertxobait hobetzea lortzen badu. Plentzian eta Gorlizen, udal gobernua tokiko plataformen esku egon da azken legealdian.
Ezkerraldean, PSE-EEk luzaroan zuzendu dituen udal gobernuei eutsi beharko die hauteskunde hauetan. EAJ gertu dute, eta Ahal Dugu fenomenoak ere sozialisten udalerriak mehatxatzen ditu. PSE-EEk Portugalete eta Barakaldo gobernatzen ditu oraingoz. EAJrekiko aldea inoiz baino txikiagoa da, hala ere.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa