09:25

Politika

M24

Gipuzkoako borroka

Iñigo Herce | EiTB

Legegintzaldi osoan lurraldea bakardadean gobernatzen aritu ondoren, EH Bilduk duela lau urte erakutsitako indarrari eutsiko ote dion ikusteko dago.

  • Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

    Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gipuzkoako nagusitasuna biren arteko lehia izango dela dirudi, inkestek iragarritakoari erreparatuz gero. Azken lau urteotan gertatu den bezalaxe, jeltzaleen eta ezker abertzalekoen aurrez aurrekorik gogorrenak Gipuzkoa izango du jokaleku. Bi alderdien arteko norgehiagokak, baina, Gipuzkoatik haragoko dimentsioa du: abertzaleen esparruan erreferentea nor izango den da partidaren benetako gakoa, jokoaren zinezko mamia.

Legegintzaldi osoan lurraldea bakardadean gobernatzen aritu ondoren, EH Bilduk duela lau urte erakutsitako indarrari eutsiko ote dion ikusteko dago. 2011ko hauteskundeetan legez kanpo luze izan ondoren aurkeztu zen hauteskundeetara legezko alderdi batekin ezker abertzalea, EA eta Alternatiba bidelagun zituela. Hauteskundeetara aurkeztea ahalbidetu zuten epaileek, eta gizartearen zati batean piztutako indarra hauteslekuetan antzeman zen emaitza ezin hobeak utziz. Oraingoan, berriz, gainerako alderdien gisara aurkeztuko da EH Bildu, gobernuan aritzeak dakartzan kontraesan, aje, neke eta pizgarri guztiekin batera.

Bestelako galdera markak ere baditu lurraldeak. Lehenengoa, EAJk lortuko ote duen Bilduren aurkako beldurra gorpuztea eta horri aurre egiteko hautu eraginkor bakar moduan aurkeztea bere burua. Hori lortzen badu, baliteke PSE-EE eta PPren hautesle batzuek Markel Olano lehenestea Bilduren beste lau urte ekiditeko, EAJren mesederako.

Bigarren galdera: zein izango da Podemos-Ahal Dugu-k Gipuzkoan izango duen indarra? Duela hilabete batzuk, danbatekoa eman zezakeela zirudien, baina azken hilabeteotan erakutsitako barne arazoek batzuen artean piztutako ilusioa eten ote duten ikusi beharko da. Horren parte-hartzeak, txikia bada ere, asko baldintzatu dezake hauteskunde ondorengoa.

Horren arabera, PSE-EEk eta PPk Estatuan izan dezaketen gainbehera Gipuzkoan ere nozituko ote duten jakitea garrantzitsua izango da maiatzaren 24ko emaitzen ondoren gobernatzeko lor litezkeen itunei begira, besteak beste.

Zenbakiek horretarako aukera ematen badute, EAJk presioa handia izango du PSE-EE alderdiarekin bat egin eta lurraldeko erakundeen agintea hartzeko. 2011n, Gipuzko Buru Batzarrak, EH Bilduren garaipen argia ikusita, oposizioan geratzea erabaki zuen. Asko esan eta idatzi da egindako hautu horren inguruan, eta kritikak ere jaso dituzte jeltzaleek Aldundia Bilduren esku uzteagatik. Oraingoan, berriz, EAJ eta PSE-EEko Gipuzkoako buruzagiek nahikoa barneratuta dute hori izan litekeela hauteskunde ondorengo patua, nahiz eta ez batzuek ez besteek ez duten oso gustuko itun hori.

Lau urte hauek ustekabeko protagonista bat izan dute Gipuzkoan: zaborrak kudeatzeko sistema. Erraustegia ez eraikitzeko erabakia hartu zuen Martin Garitanoren gobernuak, bere hauteskunde programa betez baina Batzar Nagusien aginduari muzin eginez. Horrekin batera, zaborrak kudeatzeko sistema alternatibo bat ezartzeko ahaleginak sekulako polemika piztu du Gipuzkoan, eta ez alderdien artean soilik. Atez ateko bilketaren aurka egin diren manifestazioek gizartearen zati baten haserrea islatu dute. Polemika, halere, hoztu egin da legegintzaldiaren azken partean, baina zaborren inguruko politikak EH Bilduri kosturik ekarriko ote dion izango da hurrengo hauteskundeetan aztertu beharrekoetako bat. Bestelako ika-mika eta tentsio handiko gaiak ere izan ditu azken lau urtekoak: Kutxabanken bat egiteak Gipuzkoan utzi du arrastorik handiena. Bidegi auziak ere asko tenkatu ditu jeltzaleen eta Bilduren arteko harremanak.

Bien bitartean, Donostiako borroka ere ez da makala izango. Egungo alkate den Juan Karlos Izagirrek arerio gogorra izango du Eneko Goia jeltzalearekin. Bi alderdiek jakin badakite Gipuzkoan garaipena lortzeko ezinbesteko urratsa dela Donostiako Alkatetza ere eskuratzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena