20:31

Politika

Diru zuritzea

Rodrigo Rato atxilotu dute, iruzurra eta dirua zuritzea leporatuta

agentziak | erredakzioa

Espainiako Gobernuko presidente ohia atxilotu egin dute, epaileak aginduta bere etxean egin duten hiru orduko miaketan.

0:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidente orde eta Ekonomia ministro ohia atxilotu egin dute bere etxea hiru orduz miatu ostean, iruzurra, dirua zuritzea eta ondareak ezkutatzea leporatuta.

17:00ak baino lehentxeago, Aduana Zaintzeko Zerbitzuko Agenteak (AEAT) eta Espainiako Poliziako kideak Ratoren etxera joan dira Auzitegiak, urgentziaz, agindutako miaketa egitera. Madrilgo Fiskaltzaren eskariz hartu du epaitegiak miaketa agintzeko erabakia.

Fiskaltzak Rato eta beste pertsona batzuk salatu ditu, baina gainerakoen izenen berri ez dute eman, eta sekretupean daude operazioak.

Madrilen miaketa hori egiten ari ziren bitartean, Zerga Agentziak abokatu bulego bat miatu du Sotogrande luxuzko urbanizazioan, Cadizen, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Bankiako presidente eta Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiaren etxea hiru orduz miatu ostean, atxilotuta eraman dute beste miaketa batera, eta ez dute baztertzen aurrerago ere miaketekin jarraitzea.

Rato aske uzteko eskatu du Fiskaltzak

Magistratuak agindutako miaketak amaitzen direnean Gobernuko presidenteorde ohia aske uztea eskatu du Madrilgo Fiskaltzak, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez.

Horrela, Rato ez dute epailearen esku utziko. Magistratuak deklaratzera deituko du, hala estimatzen baldin badu, ikerketak aurrera egiten duen heinean.

2012an Ratok amnistia fiskala baliatuta ondarea erregularizatu nahi izan zuela jakin ostean Ministerio Fiskalak ikerketa abiatu eta gero agindu dute miaketa.

Zerga Agentziak horren berri izan zuenean, "familia elkarte sare konplexu bat" ikertzen hasi zen.

Sepblac, Espainiako finantza inteligentzia unitatea, Ekonomia Ministerioaren esku dagoena, da ikerketan sakontzeko ardura duena eta delitu zantzuak ote dauden baieztatu behar duena.

Auzia Madrilgo Fiskaltzaren esku badago ere, aurki Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hartuko du bere gain.

Ratok 2012an ondarea erregularizatzeko pausoa eman eta ondarearen jatorriaren inguruko zalantzak direla eta, Ogasun Ministerioak dirua zuritzearen susmagarri diren 705 pertsonen zerrendan sartu zuen ministro ohia.

Beste kasu batzuetan inputatua

Bestalde, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin zuen Rato Bankiaren bat-egite eta burtsara ateratze prozesuaren baitan.

Era berean, Bankiako eta Caja Madrideko kontseilari ohiek erabiltzen zituzten 'black' txartelen auziaren barruan ere ikertzen ari dira presidenteorde ohia.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena