14:28

Politika

Auzitegi Nazionala

DOKUMENTAZIOA: 'Egunkaria'ren aurkako prozesua

Gaizka Palacios

Erredakzioa

Egunkaria itxi eta zazpi urtera ezagutarazi du Auzitegi Nazionalak kasu honen inguruko epaia: bost auzipetuak absolbitu egin ditu.

66
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Duela zazpi urte hasi zen dena. 2003ko otsailaren 3ko goizaldean Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria komunikabide euskalduna itxi eta hamar lagun atxilotu eta inkomunikatu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Inma Gomilla eta Luis Goia (2006an zendu zen). Operazioa Juan del Olmo Auiztegi Nazionaleko epaileak agindu zuen, Egunkaria ETAren menpe zegoelakoan.

2004ko azaroaren 4ean ezagutarazi zuen Del Olmo epaileak Egunkaria-ren kontrako autoa eta zortzi lagun auzipetu zituen: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga, Alegria eta Joxemi Zumalabe bera ere hilik egon arren. Abenduaren 25ean, baina, Joxemi Zumalabe auzitik kanpo uzten zuela jakitera eman zuen epaileak.

2006ko abenduaren 15ean, berriz, Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak Egunkaria ixteko argudiorik ez zegoela ondorioztatu eta auzia artxibatzea eskatu zuen. Itxaropen izpi bat piztu zen orduan, baina sei hilabeteren buruan, 2007ko maiatzaren 10ean, epaiketa egin egingo zela iragarri zuen Auzitegi Nazionalak.

Itxierari buruzko azken saioa 2009ko ekainaren 23an egin zen. Carballo fiskalak bere ondorioei eutsi zien eta auzia behin betiko ixtea galdegin zuen; defentsak ere gauza bera egin zuen; AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek osatzen duten herri-akusazioak, aldiz, epaiketa egitea eskatu zuten.


Auzipetuak eta zigor-eskaerak

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko 2. Salako epai-mahaiak epaiketa egin behar zela erabaki zuen eta azkenean bost lagun auzipetu zituzten: Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko presidente izandakoa; Iñaki Uria Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkari ohia; Txema Auzmendi Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko idazkari ohia; Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohia; eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko zuzendariorde ohia.

14 urteko espetxe-zigorra eta 15 urteko gaitasungabetzea eskatu zuten Torrealdai, Uria, Auzmendi eta Otamendiretzat; Oleagaren aurkako eskaera, berriz, 12 urteko kartzela-zigorra eta 14 urteko gaitasungabetzea zen.


Epaiketa

2009ko abenduaren 15ean egin zen epaiketaren lehen saioa. Auzipetuek berretsi egin zuten beraiek zuzendutako komunikabideak ez zuela inolako loturarik ETArekin.

Miguel Angel Carballo fiskalak ez zuen inolako galderarik egin, bere garaian kasua artxibatzea eskatu zuelako.

Egunkariaren itxieran parte hartu zuten guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten. Ikerketaz arduratu zen guardia zibilaren arabera, komunikabidea ETArekin lotzeko zantzu "nabarmenak" topatu zituzten, baina epaiketan ez zuen frogarik aurkeztu.

2010eko urtarrilaren 12an, Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek deklaratu zuten. Txelis ETAko buruzagi izandakoak azpimarratu zuenez, "literalki faltsua da ETAk komunikabiderik bultzatu duela".

Epaiketan, defentsak salatu zuen auzipetuei atzemandako dokumentuen itzulpenak egiterakoan akats ugari eta larriak izan direla.

Azken saioan bai defentsak bai Fiskaltzak absoluzioa eskatu zuten, deliturik egin ez zela argudiatuta. Alabaina, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek hasierako eskaerari eutsi zieten: 12 eta 14 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu zituzten auzipetuentzat.

Botin doktrina delakoa

Bestalde, Botin auziak ezarri zuen aurrekariak ondoko zalantza piztu zuen: fiskalak auzia artxibatzea eskatu bazuen, akusazio partikularrik ez bazegoen eta epaiketa egitea herri-akusazioak baino ez bazuen eskatu, posible al zen epaiketa egitea?&' || 'nbsp;

Egunkaria-ren kontrako kasuan bezala, Emilio Botin Banco Santanderreko presidente ohiaren kontrako auzian, ez zegoen akusazio partikularrik (ustezko delituaren kaltetua edo kaltetuak) eta fiskalak ez zuen ahozko epaiketa hasteko eskaerarik egin. Gauzak horrela, Auzitegi Gorenak auzia ixtea erabaki zuen, soilik herri-akusazioaren salaketarekin epaiketa egitea ezinezkoa dela argudiatuta.

Baina ''Botin doktrina'' delakoa prozedura laburtuetarako baino ez omen da baliagarri eta, beraz, Egunkaria auzian ez du eraginik prozedura arrunta delako. Aitzitik, ''Atutxa auzia'' ere prozedura laburtua izan zen, baina azkenean epaiketa egin zen, akusazio partikularrik eta akusazio publikorik (Fiskaltza) egon ez arren.


Auzi ekonomikoa

Honez gain, Egunkaria-ren aurkako prozesu judizialean bigarren auzi bat ere badago irekita, auzi ekonomikoa, hain zuzen ere. Kasu honetan auzipetuak ondoko hauek dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena.

Diru kontuak faltsutzea eta zerga-iruzurra leporatzen diete zortzi auzipetuei. 13 eta 26 urte arteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte auzipetuentzat, baita 21 eta 33 milioi euro arteko isunak ere. Epaiketaren data zehaztu gabe dago oraindik.


Tortura-testigantzak eta elkartasuna

Egunkaria-ren aurkako polizia-operazioan atxilotutako lagunetako asko torturatuak izan ziren. Martxelo Otamendi berak, esaterako, Guardia Zibilaren esku egon zen bitartean tratu txarrak jasan zituela salatu zuen, baina salaketa artxibatu egin zen inolako ondoriorik gabe.

Urteotan, makina bat izan dira Egunkaria-ren aldeko adierazpen instituzionalak, manifestazioak eta bestelako elkartasun ekimenak.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena