13:52

Politika

Maiatzeko hauteskundeak

'EAJ ez da etsaia, hauteskundeak irabaziko dizkiogun aurkaria baizik'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak adierazi du tamalgarria dela erabakitzeko eskubidearen alde daude bi alderdi elkarren etsai izatea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak azpimarratu duenez, EAJ ez da "etsaia", "hauteskundeak irabaziko dizkiogun aurkaria baizik". Halaber, adierazi du tamalgarria dela erabakitzeko eskubidearen alde dauden bi alderdi elkarren etsai izatea.

Hala mintzatu da Olano, EH Bilduk maiatzeko foru hauteskundeetako Gipuzkoako taldea aurkezteko Donostian egin duen ekitaldian. Olanoren esanetan, haren taldeak "freskotasuna eta esperientzia uztartzen ditu, talde gaztea da eta etorkizuna dute aurretik datozen lau urteetan Gipuzkoako aldaketa gidatzen jarraitzeko, eta emakumeen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna dago".

Ildo horretan, nabarmendu du haren taldea ideia berriz beteta datorrela; hain zuzen ere, hauteskunde programa osatzeko egin duten prozesu parte-hartzailean bildu dituzten 250 proposamen zehatzekin.

Olanok haren programa politikoko lau ardatz nagusiak azaldu ditu: gizarte alorrean murrizketarik egin gabe krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egitea, kalitatezko enplegu duin eta iraunkorra sortzea, baliabide publikoak herritarren interesen zerbitzura jartzea eta dirua publikoa gardentasunez kudeatzea, eta euskara Gipuzkoan lan egiteko eta bizitzeko hizkuntza izan dadin aurrerapausoak ematea.

Gipuzkoako herritarrekin elkarlanean aritzeko egiten duen apustua berretsi ondoren, Olanok ziurtatu du EH Bilduk herritarrak ahaldundu nahi dituela beraiek erabaki dezaten lurraldeko auzi garrantzitsuenen gainean eta beraiek izan daitezen Gipuzkoako aldaketaren protagonista nagusiak.

Azkenik, Xabier Olanok azpimarratu du haren taldeak bosgarren martxa sartuko duela "guztien artean Gipuzkoa solidarioago, justuago eta euskaldunagoa eraikitzeko". Aldi berean, berretsi du EH Bildu dela maiatzaren 24ko hauteskundeen ondotik gipuzkoar guztiek irabaztea bermatuko duen aukera bakarra. Gainera, ohartarazi du jeltzaleek "martxa bat jaitsi" nahi dutela maiatzaren 24ko hauteskundeetan aberatsena den % 1ak soilik irabazi dezan.

irabazi dezan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena