11:22

Politika

Osoko bilkura

Barcinaren agurra: 'Eginbeharrekoa ondo eginda joango naiz'

Erredakzioa

Gaurkoa azken osoko bilkura izan da Yolanda Barcina Nafarroako presidentearentzat. Legealdiko azken saioa egin dute, eta maiatzeko hauteskundeetan Barcinak ez du bere burua aurkeztuko.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaurkoa azken osoko bilkura izan da Yolanda Barcina Nafarroako presidentearentzat. Legealdiko azken saioa egin dute, eta maiatzeko hauteskundeetan Barcinak ez du berriro bere burua aurkeztuko.

Bilkura hasi aurretik, Barcinak esan du “eginbeharrekoa ondo eginda” joango dela Gobernutik, nahiz eta azkenengoa “oso legealdi bitxia izan”.

Gobernuko egoitzan egingo du Barcinak legealdiaren azken balantzea, baina, osoko bilkurara sartu aurretik, kazetariei esan die azkenengoa “oso legealdi bitxi eta berezia izan dela”. “Lege gehiago onartzea lortu dugu, agian tentsio une gehiagorekin, baina baliabide askorekin, zentzu batean eta bestean”.

Barcinaren iritziz, Espainia osoko egoera ikusita, “Nafarroa egoera hobean” utziko du legealdi amaieran, “batez ere herritarrentzat garrantzitsuak diren gaietan”. Datu ekonomikoak, enplegu-tasa edota defizit-muga aipatu ditu.

“Egiteko gauzak” oraindik badaudela adierazi du, eta, presidente moduan, langabezia-tasa baxuagoa izan nahiko lukeela gaineratu du. “Krisiaren hasierako datuak nahiko nituzke”, erantsi du.

Santos Cerdan PSNko legebiltzarkideak, bestalde, orain amaituko den legealdia “galdu” egin dutela azpimarratu du. “Gaizki hasi genuen, UPNk Gobernua osatzeko hitzarmena urratu baitzuen, eta bereak ez ziren botoak, PSNrenak alegia, bereganatu zituelako”, esan du. Horrez gain, legealdi osoan aurrekontu proiekturik aurrera atera ez izana leporatu dio UPNren Gobernuari.

Patxi Zabaleta Aralar-Nabaiko bozeramailearentzat ere azken osoko bilkura izango da gaurkoa, izan ere, legegintzaldi amaieran politika utziko du. Zabaletaren iritzian, Nafarroako Parlamentuan egin duen guztian bere printzipioei eta zintzotasunari eutsi die. Halaber, aitortu du "pauso positiboak" antzeman dituela azken legegintzaldian.

Zabaletak politikako lehen lerroa "poztasunez" utziko du eta sinetsita "politikak merezi duela, eginkizun duina dela, betiere, duintasun osoarekin egiten bada". "Oposizioa egitea eginkizun duina da, eta ezinbestekoa, politikan. Hori egitea egokitu zait etxe honetan azken hogei urteotan, eta nire borondate onenarekin egin dut. Irribarre batekin noa, ez naiz lehen baino aberatsagoa, baina bai pozik", azpimarratu du.

Azken legegintzaldiari dagokionez, esan du egiaztatu egin duela Nafarroak gobernu aldaketa bat behar duela, "nafar gehienen ordezkari izango dena eta Nafarroaren interes nagusiei erantzungo diena". Hala ere, aitortu du balantzea egiterakoan "hainbat datu positibo" daudela, eta adibide gisa jarri ditu gaur Parlamentuan onartuko diren hainbat lege "progresista" eta euskararen alorrean eman diren aurrerapausoak.

Nafarroako Parlamentuak emakumeen kontrako indarkeriaren legea onartu du

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak bi kontu onartu ditu gaur: emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko legea eta 2012ko abenduan langile publikoei ordaindu ez zitzaien aparteko ordainsariaren % 24 "berehala" ordaintzea.

Osoko bilkurak aho batez onartu du emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko legea, prebentzioa eta biktimen autonomia hobetzeko, biktimei arreta integrala eskaintzea helburu duena. Halaber, lege berriak seme-alabak ere biktimatzat hartzen ditu. Arau horri esker, indarkeria matxistarekin loturiko arloetan (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak...) lan egiten duten profesionalen arteko koordinazioan eta horien formazioan hobekuntzak egingo dira. Arauak prebentzioan jarri du azpimarra, eta biktimen babesa optimizatzeko neurri sorta bat proposatzen du.

Ildo horretan, indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala eskaintzeko zerbitzu kartera bat sortzea aztertzen ari dira, urtebeteko epean biktimen eskubideak eta prestazioak bermatu beharko dituena.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak adostu du 2012ko abenduan langile publikoei ordaindu ez zitzaien aparteko ordainsariaren % 24 "berehala" ordaintzea, baina interesik gabe. Urte hasieran, aparteko ordainsaria interesekin ordaintzea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, baina PSNk ez beste talde guztiek interesak ez ordaintzea erabaki dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena