13:41

Politika

Biktimen memoriala

Bakea egonkortzeko 'estatu politika berria' eskatu du Urkulluk

Erredakzioa

ETAk bere jarduna eten eta gero abiatutako "garai berria" baliatzeko "elkarrizketa, akordioa eta lankidetza" eskatu die gainerako erakundeei.

  • Iñigo Urkullu biktimen memorialean

    Iñigo Urkullu biktimen memorialean

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ETAk bere jarduna eten ostean, "bizikidetza indartzeko eta bakea sendotzeko estatu politika berria" behar dela aldarrikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Gasteizen egin ditu adierazpenok Urkulluk, Terrorismoaren Biktimen Memoriala izango denaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua ere izan da ekitaldi sinboliko honetan. PPko buruzagiak orain arte terrorismoaren kontrako borrokan izandako "jarrera sendoa" izaten jarraituko duela berretsi du, eta "demokrata guztiei hausturarik gabeko batasuna" eskatu die.

Agerian geratu dira bi buruzagiek ETAren aurkako politikan dituzten desadostasunak. Memoriala bera polemika iturri izan da, Jaurlaritzak zentroaren inguruko erabakietan parte hartzerik izan ez duela salatu duelako. Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren papera aldarrikatu du Urkulluk bere hitzaldian.

Memoriala "bizikidetzaren eta akordioaren aro berrian lehen urratsa" izatea espero du lehendakariak. Izan ere, horren hitzetan, ETAk bere jarduna eten zuenetik hiru urte bete diren honetan, "garai berria" dugu, eta horixe baliatu behar da "bizikidetza indartzeko eta bakea sendotzeko". Bide horretan, "garaiak eskatzen duen mailan egon eta estatu politiko berria adostu behar dugu", esan du Urkulluk, eta "elkarrizketa, akordioa eta erakundeen arteko lankidetza" ezinbestekoak direla azpimarratu du.

Jaurlaritzak Memoriala babestuko duela azpimarratu du Urkulluk, biktimekiko "omenaldi iraunkorra" delako, "terrorismoak ekarri duen sufrimendua gogoan hartzeko" balio duelako, indarkeriari zilegitasuna kentzen diolako eta balio etikoak sustatzen dituelako.

"Injustiziaren biktimekiko enpatia eta elkartasuna agertzea agindu etiko eta demokratikoa da", adierazi du lehendakariak. Autokritika ere egin du Urkulluk arlo honetan, "iraganean merezi zuten moduan babestu eta artatu" ez zituztelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena