Politika
Nafarroako Parlamentua
Erredakzioa
Bestalde, Barcinak erakutsitako "eskuzabaltasuna eta ikuspegi zabala" azpimarratu ditu datozen hauteskundeetarako UPNko hautagai Javier Esparzak.
Albisteak (3)
Yolanda Barcina UPNko presidenteak "krisia amaitutzat" jo du, Nafarroako Parlamenturako zerrendan egongo ez dela erabaki eta Javier Esparza alderdi horretako hautagai nagusiari jakinarazi ostean. Parlamentuko zerrendan egotea errefusatu du Barcinak, "alderdiaren onerako baita", haren iritzian.
"Ni prest nengoen, aspalditik esanda nuen bezala, erantzukizun kontua baita une konplikatu honetan zerrendaren parte izatea, baina UPNren interesaren mende nago, hau da, Nafarroako interes nagusiaren mende", adierazi du.
Horrela mintzatu da Barcina Fiteron izandako Guardia Zibileko kuartel baten inaugurazioan. Bertan nabarmendu duenez, bera ez da inoiz "arazoa bat izan", "irtenbideak" bilatzen ditu, ordea. "Ikus dezakezuenez, oso arin konpondu dut afera", esan du.
'Zortea izan dut'
Bestalde, "zortea" izan duela azpimarratu du Nafarroako Gobernuko presidenteak, "erantzukizun batetik aske utzi nautelako". "Ederki, oso ondo, lanari eutsiko diogu, eta krisia amaitu da UPNn", gaineratu du Barcinak.
Halaber, agintaldian zehar "krisiak ixten aditu" bihurtu dela esan du. "Gertakariak ikus itzazue, 24 orduetan, zorionekoa naiz", azpimarratu du.
Alderdian indarra galdu ote duen galdetu diote Barcinari. Haren irudiko, "aurrealdeko atetik atera naiz, ez atzeko atetik, erantzule naizelako, eta nire interesen gainetik alderdia dagoelako".
Halaber, Kongresurako edo Senaturako zerrendaren batean aurkeztearen harian, Barcinak esan du "UPNko presidentea" sentitzen dela, eta UPNk hauteskundeak irabaztea nahi duela, "Nafarroarako onena baita, eta horren alde lan egingo dut beti".
"Ni egon naiteke ala ez, baina garrantzitsuenak ideiak dira, hori da gakoa, eta horren alde lan egin dut beti", defendatu du Barcinak. Amaitzeko, jazotakoa eta alderdiko presidentearen karguan jarraitzea "bateragarriak" direla esan du, "UPNko estatutuen arabera, inolako arazorik gabe".
'Eskuzabaltasuna eta ikuspegi zabala'
Bestalde, Javier Esparza datozen hauteskundeetarako UPNko hautagaiak Barcinak erakutsitako "eskuzabaltasuna eta ikuspegi zabala" nabarmendu ditu, Nafarroako Parlamentuko zerrendetan joateari uko egin ostean.
Haren irudiko, Yolanda Barcinak Nafarroarekin duen konpromisoa agerian geratu da berriro ere. Gainera, ohar baten bidez Esparzak azpimarratu duenez, Barcina "balio handiko pertsona da, pertsonalean eta politika arloan ere, eta ekarpen handia egin behar du UPNko presidente bezala".
Azkenik, ahalegin bateratua eskatu die UPNko jarraitzaileei eta militanteei proiekturik onena gizarteari helarazteko, datozen hauteskundeetan herritarren konfiantza berriro lortzeko eta Nafarroan buru izaten jarraitzeko asmoz.
Esparzaren eskaera
Igande honetan zabaldu denez, Yolanda Barcina UPNren presidenteak erabaki du ez aurkeztea Nafarroako Parlamenturako zerrendan datorren maiatzeko hauteskundeetan, Javier Esparza alderdi horretako hautagai nagusiak berriro pentsatzeko eskatu eta gero.
Barcinak, Diario de Navarra hedabideak argitaratu duenez, bart jakinarazi dio erabakia Esparzari. Ostegunean iragarri zuen zerrendan sartzeko hautagaitza aurkeztuko zuela.
Barcinak erabakia baieztatu du, eta Esparzari jakinarazi diola adierazi du, Fiteron (Nafarroa) kazetariei egindako adierazpenetan. Guardia Zibileko kuartel baten inaugurazioan izan da Barcina, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroarekin batera.
Auzi horren harian, Esparzak prentsaurrekoa eskaini zuen ostiralean eta, bertan, Nafarroako Gobernuko presidenteari bere asmoa berriz pentsatzeko eskatu zion, proiektu ?berriztatua? nahi duelako UPNrentzat.
Esparzak adierazi zuen proiektua berriztatua izatea ?ezinbesteko elementua? dela, ?bestera? ez baita UPNren zerrendaburu izango. Gainera, ziurtatu zuenez, ?ez da pertsona kontua, proiektu kontua baizik?.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa