15:51

Politika

Jonan Fernandez - Rafa Diez

Barne ministroa: 'Nik espetxe zuzendaritzaren bertsioa abalatzen dut'

Erredakzioa

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi duenez, kontrakoa frogatzen ez den bitartean, Espetxe Zuzendaritzak araudiak ezarritakoaren arabera jokatu du.

1:53
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendaria Rafa Diez LABeko idazkari nagusiari El Duesoko (Kantabria) kartzelan egiten ari zitzaion bisita eten zuen atzo Espetxe Zuzendaritzak, eta horrek erreakzio soka luzea eragin du.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren arabera, kontrakoa frogatzen ez den bitartean, Espainiako Gobernuak eta bere ministerioak Espetxe Zuzendaritzaren bertsioari eusten diote, hots, Espetxe Zuzendaritzak arautegiak ezarritakoaren arabera jokatu zuela.

“Nik ez dut intentzio juiziorik egiten. Guri legea betetzea eta betearaztea dagokigu. Kasu horretan, Espetxe Zuzendaritzak legedia urratzen ari zela uste izan badu, esku hartzea zegokion. Kontrakoa frogatzen ez den bitartean, bertsio horri eutsi behar diot eta ez dut egokitzen ez zaidan iritzirik edo juiziorik egin behar”, gaineratu du.

Jonan Fernandez Diezek Rafa Diezi egindako bisitak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien erreakzioa eragin du. Gaur, asteroko ohiko osoko bilkura egin dute Legebiltzarrean eta alderdiek gertatutakoaz bere iritzia emateko baliatu dute.

EAJk ez dio bisitari buruzko azalpenik eskatuko Urkullu lehendakariari, izan ere, Joseba Egibar bozeramaile jeltzalearen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza Planaren “garapen logiko” baten baitan kokatu du bisita.

Hala ere, EAJk atzo iragarri zuen azalpenak eskatuko dizkiola Espainiako Gobernuari Diputatuen Kongresuan. Ildo horretan, Egibarrek azpimarratu du Espainiako Gobernuaren erreakzioa ez dela “normala”, baina “PPren inmobilismo estrategiaren” baitan kokatu du.

Julen Arzuaga EH Bilduko bozeramailearen esanetan, atzo gertatukoa Espetxe Zuzendaritzak “euskal preso politikoen” bizitzetan egiten dituen “injerentzien” adibide bat baino ez da.

Koalizio abertzaleak ez legezko proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean legez kanpokoak eta arbitrarioak diren urraketak amaitzeko eta presoek intimitaterako, pribatutasunerako eta konfidentzialtasunerako duten eskubidea bermatzeko.

PSE-EEk, PPk eta UPyDk azalpenak eskatu dizkiote gaur Iñigo Urkullu lehendakariari, Jonan Fernandezek Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendariak Rafa Diez LABeko idazkari nagusiari egindako bisitaren harira.

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak azalpenak eskatu dizkie Urkullu lehendakariari eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari, bisitari buruzko "bertsio trukea" tarteko. Hala ere, Jonan Fernandezen egitekoa aurretik juzgatu gabe, gertaturikoa "espektakulu mediatikoa" izan dela azpimarratu du buruzagi sozialistak. Horren esanetan, gertaturikoak garbi utzi du kartzela politikaren moduko gai delikatu bat kudeatzeko Jaurlaritzak duen trebetasun falta.

Arantza Quiroga PPko presidenteak ere azalpenak eskatu dizkio lehendakariari eta bisita horren berri gizarteari emateko eskaria egin dio. Quirogaren esanetan, bilera hori "larria da", izan zere, bake eta elkarbizitza alorretan egin beharreko aurrerapausoak legearen, terrorismoaren zilegitasun ezaren eta zigorren betetzearen eskutik egin behar dira.

Ildo beretik mintzatu da UPyDk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea ere. Gorka Maneiroren arabera, "penagarria eta deitoragarria da Jonan Fernandez  terrorismoagatik kondenatutako preso batekin elkartu izana, ETAko biktimei bizkarra ematen dien bitartean. Hori dela eta, Jonan Fernandez Rafa Diez bisitatzera zergatik joan zen azaltzeko eskatuko du hurrengo kontrol saioan. Halaber, Jonan Fernandezen dimisioa eskatu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena