13:02

Politika

Kontuen Auzitegia

500.000 euroko fidantza ezarri diete Alfonso Alonso eta taldekideei

Erredakzioa

Lokal batzuk ustez modu irregularrean alokatzeagatik jarri die fidantza. Marotok iragarri du ez duela helegiterik jarriko eta euren poltsikotik ordainduko dutela datozen egunotan.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Herri Kontuen Auzitegiak milioi erdi euroko fidantza jarri die Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohiari eta kargu hori zuenean bere taldeko kide zirenei, lokal batzuk ustez modu irregularrean, zegokiena baino prezio garestiagoan, alokatu zituztelako.  Javier Maroto Gasteizko egungo alkatea ere tartean da, Alonsoren taldean zegoelako ustezko irregulartasuna egin zenean.

Marotok iragarri du Alfonso Alonso Osasun ministro eta alkate ohiaren taldeak ez duela helegiterik jarriko eta euren poltsikotik ordainduko dutela datozen egunotan milioi erdi euroko bermea. Osasun ministroak eta alkateak azpimarratu dute "oso argia" zela lokalak alokatzearekin interes publikoa babesten zutela.

Arabako hiriburuko Udalak baieztatu duenez,  2003tik 2007ra  Gasteizen agintean zegoen taldeak ordaindu beharko du fidantza modu solidarioan; Alderdi Popularra zegoen orduan agintean eta bederatzi lagunek osatzen zuten taldea. Horiek auzia preskribitzea eskatu zuten, baina epaileak ez du aintzat hartu eskaera.

Goizean, Alonso eta Udaleko lege-ordezkarien  azalpenak entzun ondoren hartu du erabakia Kontuen Auzitegiak. Alkate ohia eta gainerako taldekideak ez dira joan agerraldira.

Ikerketaren arabera, 6 milioi eurotan alokatu zituzten San Antonio kalean dauden lokalak, 20 urterako, kontratu blindatu baten bidez. Gasteizko orduko Udalak Gonzalo Anton enpresari ezagunari alokatu zizkion, ondoren udal-bulegoak jartzeko. Antonek 2,7 milioi eurotan erosi zuen lokala urtebete lehenago.

Udaletik azaldu dutenez, behin behineko likidazio akten bidez udal gobernuak ardura duela baieztatu du auzitegiak, udal diru kontuei kalte egin baitzieten.

Hala, auzipetuek 55.135na euro ordaindu beharko dituzte, Jorge Ibarrondo PPko senatari eta Gasteizko zinegotzi ohiak barne.

Kontu Auzitegiaren arabera, udal gobernu hark gehiegi ordaindu zuen San Antonioko udal lokalengatik, teknikarien irizpidearen kontra, alokairuaren prezioa 10.200 euroan ezarri baitzuten.

Gainera, auziaren instrukzioa daramanak gogorarazi du alokairuaren prezioa berrikusi zutenean KPI baino 9 puntu gorago utzi zutela.

Auzitegiak kalkulatu du behar zena baino zenbat gehiago ordaindu zuten, eta interesak gehituta, 496.233 euroan geratu da.

Gainera, 2007tik aurrerako Ogasun zinegotziek hanka sartu zutela uste du Auzitegiak, KPIren berrikuspena martxoan egin behar zutelako, orduan sinatu baitzuten alokairuaren kontratua, baina urte amaieran egiten zuten, eta horrek are gehiago garestitzen zuen.

Horregatik, isun gehigarria ezarri die Ogasun zinegotziei: Javier Marotori 1.696 euro, Marian Gutierrez sozialistari 5.228 euro, eta Manuel Uriarte egungo zinegotziari 13.366 euro.

Oposizioaren kritikak

Gorka Urtaran EAJren bozeramailearen arabera, Kontu Auzitegiaren erabakiak hiria "zuzentzen jarraitzeko zilegitasuna kentzen dio Javier Marotori, Gasteizi traizioa egin diolako eta kudeatzaile publiko gisa desakreditatu duelako".

Miren Larrion EH Bilduren alkategaiak, berriz, azpimarratu du agerian geratu dela berriro "PPk galbidera eramaten dituela Gasteiz eta Araba".

PSE-EEtik adierazi dute ebazpenak erakusten duela Alonsok eta Marotok kudeatutako kontratua "erabat kaltegarria" zela Arabako hiriburuarentzat.

Niko Gutierrez UPyDren Arabako ahaldun nagusigaiak milioi erdi euroko bermea "euren poltsikoetatik" ordaintzeko exijitu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena