Politika
Urteurrena
Martxoaren 3ko sarraskia: 39 urte errudunen bila
EITB.EUS
Lau hamarkada igaro badira ere, Espainian ez dute horrekin lotutako inor zigortu, baina Maria Servini epaileak itxaropenerako argi izpi bat eman die Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimei.
-
1976ko martxoak 3
39 urte bete dira Poliziak Gasteizen bost langile tiroz hil zituenetik, eta oraindik ez da sarraski haren erantzukizunik argitu.
Esan bezala, lau hamarkada igaro diren arren, Espainian ez dute sarraski horrekin lotutako inor zigortu, baina Maria Servini epaileak itxaropenerako argi izpi bat eman die martxoaren 3ko sarraskiaren biktimei; izan ere, frankismoan eta trantsizioan izan ziren krimenak ikertzeko auzian, martxoaren 3ko hilketekin harremana izan zuten hiru pertsona atxilotzeko agindua eman zuen Servinik.
Guztira 20 pertsona atxilotzeko agindua eman zuen, tartean Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina Espainiako ministro ohiak.
Martin Villa Sindikatuekiko Harremanetarako ministroa izan zen 1975 eta 1976 bitartean. Horrez gain, frankismoaren erregimenaren barruan hainbat goi kargu izan zituen. 1976ko martxoan Gasteizen bost langile hil zituen polizia kargaren erantzule izatea leporatzen dio epaileak Martin Villari.
Utrera Molina Etxebizitza ministroa izan zen 1973an, eta Mugimenduaren idazkari nagusi 1974tik 1975era. Salvador Puig Antich anarkista exekutatzeko agindua sinatzeagatik eskatzen dizkiote ardurak. Utrera Molina Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministro ohiaren aitaginarreba da.
Martxoak 3 elkartearen bozeramaileak, Andoni Txaskok, positibotzat jo zuen Servinik Interpoli egindako eskaera.
Epailearen ebazpena gorabehera, Txasko “eszeptiko” azaldu da, “hilketa horien arduradunak” epaitzea urte askotan oztopatu dutelako “sistematikoki” Espainian.
Europako bidea
Bestalde, Martxoak 3 elkartearen ekimen bat eztabaidatuko dute Europako Parlamentuan. Ganberaren babesa eskatu, eta Espainiako Gobernuaren "inpunitatea" salatuko dute bertan.
Andoni Txaskoren esanetan, “ezinezkotzat” jo dute Espainiako Estatuak egia aitortzea, justizia bilatzea eta biktimei kalte-ordainak ematea. “Horregatik, Argentinako Justiziara jo behar izan dugu, eta datorren astean Bruselan eskatuko dugu babesa”, azaldu du.
Nolanahi ere, aurretik ere salatu dute Bruselan Gasteizen hildako bost langileen kasua. 2006an bilera informal bat egin zuten Europako Parlamentuko talde batzuekin.
Gaur, berriz, lehendabiziko ekimena erregistratuko dute Europako Parlamentuan. Telematikoki egingo dute erregistroa, eta, ondoren, bertara joango dira, Europako Ganberako eztabaidarako dokumentua aurkeztera.
Martxoak 3 biktimen elkarteak Europako herrialdeen aurrean agerian utzi nahi du “Espainiako Gobernuak ez duela giza eskubideen nazioarteko legedia errespetatzen” eta “1976ko diskurtsoari” eusten diola.
Oraingoz, EAJ, EH Bildu, Iniciativa per Catalunya Verds eta Izquierda Unidako europarlamentarien babesa lortu dute. Datozen egunotan beste herrialde batzuetako taldeekin ere bilduko dira.
Zer gertatu zen?
Duela 39 urte, 1976ko martxoaren 3an, Zaramaga auzoko Asisko San Frantzisko elizan, Poliziak bost langile hil zituen, tiroz, eta 150 zauritu zituen. Oraindik ez dute inor zigortu gertakari horiekin lotuta.
Soldatak murriztea helburu zuen dekretuaren aurka greba-eguna egiten ari ziren langileak Arabako hiriburuan. Egun horretan, eliza barruan batzarra egin zuten 5.000 bat lagunek.
Poliziak gas negar-eragilea erabili zuen beharginak elizatik indarrez ateratzeko, eta tiroka hartu zituzten. Balantzea: bost pertsona hil eta 150 bat zauritu zituzten.
Pedro Maria Martinez Ocio (27 urtekoa) eta Francisco Aznar (17koa) elizan bertan hil ziren, bala zaurien ondorioz, eta geroago, beste hiru: Romualdo Barroso, Bienvenido Perea eta Jose García Castillo.
Franco lau hilabete lehenago hil zen, eta Carlos Arias Navarro zen orduan Gobernuko burua. Barne ministroa Manuel Fraga Iribarne zen, eta batzuek “ministro erreformistatzat” zuten.