Politika
Polemika EAE-ko PP-n
Erredakzioa
Hautagaiak, bere aldetik, "ilusio handiarekin" hartu du erronka, baina "pena handia" eman dio sortutako polemikak.
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak babestu egingo du Euskadiko PPko zuzendaritzak Donostiako alkatetzarako aukeratu duen hautagaia; Miren Albistur, alegia. Hori iragartzeaz gain, ez duela dimisiorik emango eta auzi honek ez duela alderdi barruan "arraildurarik" ireki gaineratu du.
Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan, Semperrek ukatu egin du dimisioa ematea pentsatu izana.
"Gaurtik aurrera" Miren Albistur izango da PPko Donostiako zerrendaburua, eta "alderdi osoak babestuko du Albisturren hautagaitza", Semperren hitzetan, baina "aldebakarreko erabakiak" eta "inposizioak" ez dituela gustuko azpimarratu du.
Atzo bertan iragarri zituen Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak alderdiak Donostiarako eta Bilborako aukeratu dituen alkategaien izenak.
PPren Euskadiko idazkari nagusiak onartu zuen desadostasunak izan direla Donostiako zerrendaburua aukeratzeko garaian, Ramon Gomez gaur egun Donostiako Udalean PPk duen bozeramailearen aldekoak baitziren batzuk.
Llanosen arabera, Miren Albistur aukeratu izanak ez du esan nahi Ramon Gomezek hautagai izateko baldintzak betetzen ez dituenik, baina zenbaitek harekiko "errezeloak" zituztela aitortu du.
Minutu batzuk geroago, Borja Semperrek ukatu egin zuen hautagaitza hori babestu izana, eta Ramon Gomez hautagaitzatik kentzeko erabakiarekin bat ez datorrela erantsi zuen.
Arantza Quirogak gaur bertan esan du Ramon Gomezen hautagaitza "demokrazia gutxiko" metodologiarekin erabaki zutela (hautagai bakarra izan zen), eta kritika horiek errefusatu egin ditu Semperrek. "Ramon Gomez zen hautagai onena, eta Gipuzkoako PPko kide gehienek pentsatzen zutenaren isla zen", esan du Semperrek.
Semperrek onartu egin du bere iritzia ez datorrela bat Arantza Quirogarenarekin, baina "beti ez da lortzen norberak nahi izango lukeena", azaldu du.
"Ez dut dramarik egingo. Nire partetik ez da arazorik izango. Onartzen dut. Aurrera egin beharra daukagu", gaineratu du.
PPren Hauteskunde Batzorde Nazionalak gaur bertan baieztatu du Miren Albisturren hautagaitza.
Quirogak esan du ez zela demokratikoa izan
Arantza Quiroga PPren EAEko buruak ukatu egin du Miren Albistur hautagai izendatzea EAEko zuzendaritzaren "inposaketa" izan denik. Izan ere, erabaki hori hartzeko "beharrean" ikusi dira Gipuzkoako hauteskunde batzordeak, Ramon Gomez aukeratu zuenak, "ez zituelako gauzak behar ziren bezala egin" eta modu "ez oso demokratikoan" jokatu zuelako.
Quriogak Eusko Legebiltzarrean kazetarien galderei erantzunez azaldu duenez, Borja Semper buru duen Gipuzkoako PPk, "hainbat aukeraren artean hautatzeko posibilitatea kendu" zion hauteskunde batzordeari.
"Hauteskunde batzordea bildu eta aukera bakarra eramaten baduzu, ez diozu batzordeari beste aukera batzuen inguruko iritzia emateko posibilitatea ematen, eta ez da oso jokabide demokratikoa", adierazi du Quirogak, "beste formula batzuk" badaudela azpimarratu ostean. "Hauteskunde batzorde honi ez zaizkio beste aukera batzuk eman, Miren Albisturrena adibidez", berretsi du.
Gipuzkoako PPk bere kargudunak bildu ditu
Juan Carlos Cano PPren Gipuzkoako idazkari nagusiak lurraldeko kargudun publiko guztiak elkartu ditu gaur Donostiako egoitzan, irekitako krisia ixte aldera.
Borja Semper ez da bertaratu, Eusko Legebiltzarrean baitzegoen, eta Ramon Gomez PPren Donostiako Udaleko bozeramailea ere ez da joan.
Hala ere, 20 bat kargudun elkartu dira, Donostiako zinegotziak tartean, eta ados agertu dira PPren EAEko presidenteak hartutako erabakiarekin.
Albistur, "ilusio handiarekin"
Miren Albistur PPre Donostiako alkategaiak "ilusio handiarekin" hartu du erronka, baina "atsekabea" agertu du alderdiaren barruan sortu den polemikarengatik. Horren harira, alderdia "akordiora iristeko gai izango dela" espero du, eta "batasuna" aldarrikatu du.
Hala ere, ez du "alderdien iturgintzan sartu" nahi izan. "Atzo prentsaurrekoa izan zen, nire izena azaldu zen, eta hortik aurrera, Donostiaren alde lan egitea besterik ez zait geratzen", azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa