Politika
Zigorrak pilatzea
EITB.EUS
Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuak egindako galdera bati erantzunez, Espainiari gai honen inguruan hartutako neurrien inguruan azalpenak eskatu dituela esan du Bruselak.
Gorenak zigorrak pilatzearen kontra egin zuen. EFE
Albisteak (1)
Europar Batzordeak gogorarazi duenez, 2008an Europako zuzentarau batek ezarritakoari jarraiki, Europar Batasuneko estatuetako kartzeletan emandako denbora aintzat hartu beharra dago presoen zigorra murrizteko.
Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak egindako galdera bati horrela erantzun dio Bruselak. Europako arauaren harira, Espainiak hartutako erabakiak tarteko, kezka agertu zuen Bilbaok eta Eurojust Europako lankidetza judizialerako erakundera hiru galdera zuzendu zituen.
Eurodiputatu jeltzaleak orduko hartan ohartarazi zuenez, "Espainiara beste herrialde batzuetatik ekarritako presoei ez diete kanpoan betetako zigorra kenduko". Hala, Espainiak hartutako erabaki judizialen berri ote zuen galdetu zion Batzordeari.
Erantzunean Batzordeak agertu duenez, ez du "Espainian hartu dituzten neurrien jakinarazpen ofizialik" jaso. Are, Espainiako erakundeei azalpenak eskatu zizkiela nabarmendu du. 2015eko martxoaren 15a baino lehen erantzun beharko luke Espainiak, Bruselaren arabera.
Dena dela, Europako araua bete beharra dagoela azpimarratu du Batzordeak.
Erantzuna ezagututa, Auzitegi Gorena jarrera salatu du eurodiputatu jeltzaleak. Bilbaoren iritzian, Gorenak "logika juridiko ororen kontra" zigorrak pilatzearen kontra egin zuen eta, horrenbestez, "argi geratu da justizia organo batzuek independentziarik ez dutela eta Gobernuak ahoz eta idatziz, publikoki eta pribatuan, esandakoa betetzera mugatzen direla". "Zoritxarrez, erabaki judizial bat aurreikusteko, hobe da auzitegiaren osaerari erreparatzea Zigor Kodeari baino", deitoratu du buruzagi jeltzaleak.
agi jeltzaleak.2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa