15:53

Politika

Kutxabank auzia

Mario Fernandez eta Mikel Cabieces inputatzea eskatu du fiskalak

Erredakzioa

Era berean, Rafael Alcorta abokatu-langelako bazkidearen inputazioa eskatu du Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak, Fiskaltzako iturrien arabera.

1:14
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatu-langelako bazkidea inputatzea eskatu du Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak, Fiskaltzako iturrien arabera.

Ustezko sozietate delitu bat inputatu nahi dizkie fiskalak hirurei, iturri judizialek EFE albiste-agentziari azaldu diotenez. Zigor Kodearen arabera, delitua urteko kontuak edo ekitaldi juridiko zein ekonomikoa islatu behar duten beste agiri batzuk faltsutu dituzten enpresa bateko administratzaileek egingo lukete, sozietateari, bazkideren bati edo hirugarren bati kalte ekonomikoa egiteko.

Sei hilabete edo lau urteko espetxe-zigorra eskatu dezakete sozietate delituagatik.

Bizkaiko fiskalburuak Bilboko epaitegiei helarazi die Kutxabankeko ustezko irregulartasunen inguruko txostena. Mario Fernandez Kutxabanken buru zenean Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkariari emandako diruaren inguruko ikerketa da abiatutakoa.

Fiskalak deklarazioa hartu zien aurreko astean Fernandezi eta Cabiecesi, eta baita Fernando Lopez de Eguilaz Kutxabanken Giza Baliabideen arduradunari ere.

Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez, ikerketaren izapideak auziaren artxiboarekin amai zitezkeen, baina fiskalak txostena idatzi eta Bilboko auzitegiari eta bi aldeei helarazi die. Hemendik aurrera, epaitegi batek hartu beharko du bere gain auziaren instrukzioa.

Mikel Cabieces Kutxabank efe

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia EAEn. Artxiboko irudia: EFE

Fiskaltzaren aurrean deklaratu ostean, Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohiak esan zuen "PPren buruzagi batek" Mikel Cabiecesi "irtenbide profesionala" eman behar zitzaiola eskatu ziola, ETAren kontrako borrokarekin lotutako beste pertsona batzuekin egiten zen moduan, eta orduan, Fernandezek kontratu bat sinatu zuen abokatu-langela batekin.

Fernandezek bere jardueraren zilegitasuna aldarrikatu du, eta Cabiecesekin lotutako abokatu langelari emandako 240.000 euroak itzuli zituela eta Kutxabanki kalte ekonomikorik ez diola utzi azpimarratu zuen.

Erkorekarentzat deklarazioak "sendoak" izan ziren

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du Kutxabanken presidente ohiaren eta Espainiako Gobernuko ordezkari ohiaren deklarazioak "argiak, gardenak, sendoak eta ulerterrazak" izan zirela. Hala ere, ez du "espekulatu" nahi izan Ministerio Publikoaren esku dagoen kontu bat izanda.

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ostean kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, "testuinguru honetan, Jaurlaritzak uste du zuhurrena itxarotea dela, Fiskaltzak bere ondorioak atera eta zerbait ebatzi arte, eta horren arabera, etorkizunean erabakiak etorriko dira".

Ikerketa batzordea

Bestalde, EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzea eskatu zuen eta sozialistek babesa eman ala ez ?dagokionean? erabakiko dutela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu zuen eta Ganberako Mahaiak gaur tramitera onartu du. Koalizio abertzaleak batzordea nola planteatu nahi duen kritikatu du Pastorrek Eusko Legebiltzarrean.

Horrela, Cabiecesen eta BBKren arteko ustezko lotura euskal aurrezki-kutxen bat-egite prozesuarekin lotzea ?zehatza ez? dela uste du buruzagi sozialistak.

Akusazio partikularra

EH Bildu Kutxabanken auzian akusazio gisa agertzeko aukera aztertzen ari dela adierazi du Hasier Arraiz koalizio abertzalearen buruzagiak. Fiskaltzak auzia epaitegien esku uzteak ?egoera oso larria? dela demostratzen duela erantsi du Arraizek.

Fiskalaren txostena epaitegiaren esku geratzea ?kezkagarria? dela azpimarratu du Arraizek. EH Bilduko agintariaren ahotan, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat martxan jartzea ?sekula baino beharrezkoagoa? da.

Arraizek prentsaurrekoa eman du Donostian. Entitatearen kudeaketan ?argitasuna eta gardentasuna barneratzeko unea? dela adierazi du buruzagi abertzaleak. Zentzu horretan, EH Bilduk ?kontrol publiko eta soziala? eskatzen jarraitzen duela aldarrikatu du Arraizek, orain arte ?eraikitako iluntasun eremuei? aurre egiteko.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena