Politika
PPren Bilboko egoitza
Erredakzioa
Nerea Llanos EAEko PPko idazkari orokorrak esan du txostenaren berririk ez dutela eta Justiziak ez dituela PPko ordezkariak azalpenak ematera deitu.
Zinegotzien segurtasuna bermatzeko eta bizkartzainak kontratatzeko dohaintzak Bilboko egoitza ordaintzeko erabili zirela agerian uzten duen Ogasuneko txostena ez dutela jaso adierazi dute gaur EAEko PPko ordezkariek. Nerea Llanos idazkari orokorrak esan du txostenaren berririk ez dutela eta Justiziak ez dituela PPko ordezkariak azalpenak ematera deitu.
Llanos suminduta azaldu da Bilboko egoitza kargu publikoen bizkartzainentzako bildutako dirua erabili izana adierazten duen txostenak argia ikusi ondoren. Jokaera horren balizko arduradunen aurka “legea tinko” ezartzeko eskatu du Nerea Llanosek.
“Herritar askok zabaltasunez emandako diru hori eta EAEko PPren izena eta sakrifizioa aberasteko edo euren diru-korronteak handitzeko erabili izan dutenen aurka, legearen indarra ezartzeko eskaera egiten dugu”, esan du.
Izan ere, ustelkeriarekin zerikusia duten jokabide guztien aurrean “zero inpunitatea” eskatu du Llanosek.
Gaurko agerraldia ez duela informazioa ukatzeko edota PPren jarrera defendatzeko deitu adierazi du. “Egoera txarrenetan ere, aurpegia eman dugu, eta ematen jarraituko dugu”, gaineratu du.
Hala ere, txostenaren berririk ez dutela eta, hortaz, ezin dutela informazio gehiago eman nabarmendu du.
“Herritarrak bezala, gu ere ustelkeriarekin eta lapurrekin nazkatuta gaude”, azpimarratu du.
Ogasunaren txostenaren arabera, egoitzaren hipoteka ordaintzeko, gutxienez hamaika ordainketa egin ziren PPren kontabilitate ofizialetik kanpo. Luis Barcenas alderdiko diruzain ohiak Pablo Ruz epaileari emandako hainbat agiri aztertuta ondorioztatu dute datu hori.
Ogasuneko adituen iritziz, Bilboko egoitza ordaintzeko kontu korrontea gehienbat ekarpen anonimoen bidez osatu zen. Diru gehiena 1998an Jose Maria Aznar agintean zenean sortutako kontutik bideratu zen “segurtasunerako dohaintza anonimoa” kontzeptupean.
Berez, partikularrek eta enpresek ETAren mehatxupean zeuden PPko kargudun publikoen segurtasun pribatua ordaintzeko emandako dirua biltzeko omen zen kontu hori. Diru horisegurtasunerako baino ez zela erabiliko esan zuen garai hartan PPko koordinatzaile zenak, Angel Acebesek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa