12:58

Politika

Abokatuen atxiloketak

Epaileak espetxera bidali ditu Balda, Mintegiaga eta Carballido

Erredakzioa

Asteleheneko polizia-operazioan atxilotutako abokatu guztiak aske geratu dira. Arratsaldean deklaratu duten Herrirako hiru kideak, berriz, kartzelan sartzea agindu du epaileak.

2:14
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eloy Velascok kartzelara bidali ditu astelehenean, euskal presoen abokatuen kontra abiatutako 'Mate' operazioaren harira, atxilotutako 16 lagunetako hiru.

Velascock Fran Balda, Jon Mintegiaga eta Javier Carballido Herriraren diruzain ohiak bidali ditu kartzelara, arratsaldean deklarazioa hartu ostean. Terrorismoa finantzatzea, erakunde terroristako kide izatea, Herriraren jardueren debekua urratzea, Ogasun Publikoaren kontrako delitua, dirua zuritzea eta Gizarte Segurantzaren kontrako delitua leporatuta.

Epailearen arabera, Herriraren jarduera bertan behera geratu bazen ere, hiru pertsona horiek ekitaldiak antolatzen zituzten presoen kolektiboaren finantziazioari eusteko.

Hori horrela, atxilotutako abokatu guztiak eta Herriraren lau diruzain ohietako bat libre geratu dira epailearen aurretik igaro eta gero.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak 'Mate' operazioan atxilotutako beste zazpi pertsona galdekatu ditu gaur: Jaione Karrera, Kepa Manzisidor, Ainhoa Baglietto, Aiert Larrarte, Alfonso Zenon, Atxarte Salvador eta Ane Ituiño. Guztiak libre geratu dira, bermerik gabe, fisalak 50.000 euroko fidantza eskatu duen arren.

Epaileak, badaezpadako neurri gisa, debekatu egin die zazpi horiei, atxilotutako gainerako abokatuei bezalaxe, instrukzioak irauten duen bitartean presoen kontrol saioak egitea. Hala ere, presoekin bilera indibidualak egin ahal izango dituzte, prozedura judizialetan defentsarako eskubidea ez urratzeko. Bestalde, etxetik gertuen duten auzitegira joan beharko dute hilean behin, eta ezingo dute Espainiako Estatutik atera.

Atzo, sei aske

Atzo sei abokatuk (Amaia Izko, Eukene Jauregi, Haizea Ziluaga, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza eta Nagore San Martin) deklaratu zuten, eta epaileak aske utzi zituen, baina inputatuta. Velascok ez zuen erabakia argudiatzeko autorik kaleratu. Lehen bostei talde terroristako kide izatea, dirua zuritzea eta delitu fiskalak egotzi dizkie.

Izko, Jauregi eta Ziluaga 19 auzipeturen abokatuak ziren astelehenean Batasunaren, EHAKren eta EAE-ANVren aurka hastekoa zen epaiketan, baina bertan behera geratu zen auzia, behin-behinean, eta urtarrilaren 29an hasiko da.

Nagore San Martin Herrirako kide ohiaren kasuan, terrorismoa finantzatzea, erakunde terroristako kide izatea, Herriraren jardueren debekua urratzea, Ogasun Publikoaren kontrako delitua, dirua zuritzea eta Gizarte Segurantzaren kontrako delitua leporatzen diote, kartzelara bidalitako hiru lagunei bezalaxe.

2013an atxilotuak

Bestalde, Guardia Zibilak deklaratzera deitu ditu 2013an atxilotu zituen Herrira euskal presoen eskubideen aldeko kolektiboko 18 kideetako batzuk, langileen eskubideen kontrako delituekin lotutako ikerketa baten harira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena