Itxi

Politika

Polizia-operazioa

Atxilotutako abokatuetako sei libre geratu dira, karguekin

Erredakzioa

Onintza Ostolaza, Arantxa Aparicio, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregi, Nagore San Martin eta Amaia Izko libre utzi dituzte Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean.

  • LABek Bilbon duen egoitza miatzen ari da Guardia Zibila. EITB

    LABek Bilbon duen egoitza miatzen ari da Guardia Zibila. EITB

ETAren 'espetxeetako frontea' izenaz ezagutzen dutenaren aurka 'Mate' operazioaren baitan atxilotuetako sei lagun libre geratu dira, karguekin, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean.

Amaia Izko, Haizea Ziluaga, Eukene Jauregui, Arantza Aparicio, Onintza Ostolaza eta Nagore San Martin utzi dituzte aske, bermerik gabe.

Horietako bi, Arantza Aparicio eta Haizea Ziluaga abokatuak, gaur goizean utzi ditu libre Guardia Zibilak, epailearen esku utzi baino lehen.

Epaileak libre utzi ditu bermerik gabe, baina inputazioari eutsi dio erakunde terroristako kide edo laguntzaile izatea, dirua zuritzea eta BEZarekin iruzur egitea leporatuta. Hori horrela, debekatu egin die instrukzioak irauten duen bitartean abokatuen kolektiboak antolatutako presoen kontrol errondak egitea.

Defentsarako eskubidea ez urratzeko asmoz, hala ere, Velasco epaileak aurrez aurrekoak egiten utziko die abokatuei preso eta prozedura judizial jakin batzuetan.

Nagore San Martinen kasuan, Herrirarekin edo horren oinordekoekin eta presoen aldeko ekintzekin zerikusia duen jarduera orotan parte hartzea debekatu dio epaileak.

Ainhoa Baglietto, Alfonso Zenon Castro, Jaione Karrera Ciriza, Atxarte Salvador Navarro, Kepa Mancisidor Chirapozu, Aiert Larrarte Aldasoro eta Ane Ituiño Perez abokatuek asteazken honetan deklaratuko dute. Bestalde, Francisco Javier Balda Araña, Jon Mintegiaga Oiarbide eta Javier Carballido Ezkerra Herrirako hiru altxorzainak epailearen esku utziko dituzte ostegunean.

Gipuzkoako Ogasunari informazioa eskatu dio Guardia Zibilak

Bestalde, Gipuzkoako Foru Ogasunari informazioa eskatu dio Guardia Zibilak: astelehenean atxilotutako hainbat lagunen inguruko "informazioa fiskala" eskatu dio, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Polizia-operazioan 16 pertsona atxilotu zituzten, gehienak ETAko presoen abokatuak.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunaren arabera, "oso deigarria" da astelehenean ustezko iruzur fiskalei buruz informazioa zabaldu eta gero, asteartean froga bila jotzea Foru Aldundira, atxiloketak akusazio jakin batzuetan oinarrituta egin direnean. Orain arte, polizia-operazioaren atzean daudenak eta iruzur fiskala ikertzen ari direnak ez direla ez Foru Aldundiarekin ez Foru Ogasunarekin harremanetan jarri esan du Ugartek.

Velascok eskatu duen informazioa astelehenean atxilotutakoekin lotuta dagoen galdetuta, Aldundiko bozeramaileak erantzun du polizia-operazioarekin zerikusia duela, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, "zuhurtziagatik". Atzoko operazioan atzemandako pertsonek Ogasunari iruzur egin dioten inolako zantzurik ez dutela gaineratu du.

Ugartek oso larritzat jo du operazioa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du gaur, "Euskal Herrian abiatu den bakebidearen kontrako eraso zuzena" dela salatzeko.

Mobilizazioak Euskal Herri osoan

Sortuk deituta, milaka pertsona atera dira asteartean kalera Euskal Herri osoan, hiriburuetan barne, Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zituen 16 pertsonak libre utz dezatela eta Guardia Zibilari alde egin dezala eskatzeko. Izan ere, ezker abertzaleak ehundik gora herritan antolatu ditu protestak.

Bilbon, operazioaren kontrako manifestazioan parte hartu baino lehen, ?Espainiako Estatuak errepresioaren azeleragailua hondora arte? sakatu duela salatu du Maribi Ugarteburu Sortuko buruzagiak.

500 bat pertsona bildu dira protestan Donostian. Gipuzkoa hiriburuaren erdialdeko kaleetan barrena ibili da manifestazioa ?Errepresioari Stop. Aski da!? lelopean. Protesta Artzain Onaren Plazatik abiatu da.

Gasteizen, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren Plazan, "Espetxe politika kriminalari stop" lelopean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • ETA