Politika
Hauteskunde egutegia
David Perez | eitb.eus
Herritarrek hainbat hitzordu izango dituzte aurten hauteslekuekin. Aldaketa politiko sakonak ekar ditzake 2015ak.
Hitzordu gertukoena maiatzaren 24an izango da: udal eta foru hauteskundeak. EFE
2015 urteak hauteskunde zaporea izango du. Izan ere, aurten, udal, foru eta hauteskunde orokorrak dira egitekoak Espainiako Estatuan. Horrenbestez, 2015 urteak aldaketa politiko sakonak ekar ditzake.
Hitzordu gertukoena maiatzaren 24a izango da, udal eta foru hauteskundeak deitu baitituzte egun horretarako. Estatuko erkidego guztietan egingo dituzte hauteskunde autonomikoak, EAEn, Katalunian, Andaluzian eta Galizian izan ezik.
Nafarroa
Nafarroaren kasuan, Gobernuaren kolore politikoa aldatu egingo dela aurreikusten dute azken hilabeteotako inkestek, UPN 19 urtez agintean egon eta gero.
Nafarroako Parlamentuak urrian egindako inkesta baten arabera, Podemos izango da indar bozkatuena, eta 50 eserlekuetako 18 bereganatuko ditu. Bigarren EH Bildu izango da (11 eserleku), eta, bi alderdion artean, gehiengo osoa izango dute.
UPN amildu egingo da, 8 diputatu eskuratuko baititu, hau da, egun baino 11 gutxiago, eta PSN ere aldapan behera ibiliko da, 5 ordezkari izango baititu, lau gutxiago.
Hori dela eta, azken legegintzaldietan Nafarroako Gobernua sostengatu duten bi alderdiek 13 eserleku baino ez dituzte izango elkarrekin.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurralde historikoek Batzar Nagusietako ordezkariak aukeratuko dituzte maiatzaren 24an, eta horiek ahaldun nagusiak izendatuko dituzte.
Inkestek zalantza ugari utzi dituzte, baina gauza bat dago argi: Bizkaiak eta Gipuzkoak ahaldun nagusi berria izango dute, Jose Luis Bilbao (EAJ) eta Martin Garitano (EH Bildu) ez baitira hautagai izango berriz.
Eusko Jaurlaritzaren inkesta baten arabera, EAJ eta EH Bildu bozkatuenak izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan, eta PP lehena izatetik hirugarrena izatera pasatuko da Araban.
Hauteskundeen osteko itunek zehaztuko dute nortzuk izango diren hurrengo ahaldun nagusiak.
Udal hauteskundeak
EAEko hiriburuen artean, nobedade handiena Bilbon jazoko da, alkate berria izango baitu seguru, Iñaki Azkuna iaz zendu zelako.
Azken inkestek EAJri ematen diote garaipena Bilbon eta Gasteizen, eta EH Bilduri Donostian. Hautagaitza aurkeztea erabakiko balu, Podemos-Ahal Duguk hiru udaletan lortuko luke ordezkaritza.
Katalunia
Legegintzaldia 2016an bukatuko da ofizialki Katalunian, baina baliteke Artur Mas presidenteak aurten deitzea, plebiszitu izaera emateko.
Horretarako, CiUko buruak akordioa lortu beharko du ERCrekin eta independentziaren alde dauden gainerako alderdiekin, eta, oraingoz behintzat, aukera hori urrun dago.
Tirabira nagusia Masek independentziaren aldekoen arteko zerrenda bateratua aurkeztu nahi duela da. ERC eta gainerako alderdiak ez daude ados.
Hedabide batzuen esanetan, baliteke otsailean izatea plebiszitu-hauteskundeak.
Hauteskunde orokorrak
Egutegiko azken hitzordua hauteskunde orokorrak izango dira.
Legegintzaldia azaroaren 20an amaituko da ofizialki, eta Konstituzioak hauteskundeak 2016ko urtarrilaren 17ra arte egitea ahalbidetzen du. Nolanahi ere, bozak aurtengo amaiera aldean izango direla dirudi.
Hauteskundeok alderdibitasunaren behin betiko amaiera ekarriko dute. Inkesta guztietan, Podemos hiru indar bozkatuenen artean agertzen da, eta hainbatetan lehena ere bada.
Eta EAEko hauteskundeak?
Iazko hauteskunde europarren eta aurtengo guztien ostean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino ez dira egitekoak izango. Ezuste handirik ezean, 2016an egingo dituzte.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa