Itxi

Politika

Hauteskunde plebiszitarioak

Homsek ‘eskuzabaltasun handiagoa eta eskakizun gutxiago’ eskatu ditu

Erredakzioa

Generalitateko bozeramaileak berriz ere esan du urtarrilera arte, jaiak igaro arte, Kataluniako presidenteak ez duela argituko hauteskundeak aurreratzen dituen

Francesc Homs Kataluniako Presidentetza kontseilari eta Generalitateko bozeramaileak burujabetzaren aldeko indarrei “eskuzabalagoak izatea” eta “exijentzia gutxiago egitea” eskatu die, hauteskunde plebiszitarioen deialdiarako akordioa lortze aldera, baina berriz ere esan du jaiak igaro arte ez dela ezagutuko Artur Masen erabakia.

Kataluniako gobernuaren 2014ko azken bileraren ostean, Homsek aipatutako hitzok esan ditu CiUren eta ERCren negoziazioen gaineko egoera azaltzeko. Izan ere, atzo bertan jakinarazi zuten Artur Mas Kataluniako presidenteak eta Oriol Junqueras ERCren idazkari nagusiak Generalitatearen Jauregian bilera egin zutela, burujabetzaren aldeko zenbait erakunderekin batera, esaterako, ANC eta Omnium Cultural.

Homsek gineratu du negoziazioatzeko eta akordioak eraikitzeko “eskuzabalagoa” izan behar dela eta “exijentzia eta -hedabideetan agertzeko- lerroburu gutxiago” egin behar direla.

“Exijentzia gutxiago eta akordioa lortzeko prestutasun handiagoa. Gauzak horrela eginda, emaitzak izan litezke”, zehaztu du Homsek. Edonola ere, berriz esan du urtarrilera arte, jaiak igaro arte, Kataluniako presidenteak ez duela argituko hauteskundeak aurreratzen dituen.

“Lerroburu gutxiago” egiteko eta “eskuzabalagoa izateko” filosofia horri jarraituta, Homsek ez du zehaztu nahi izan negoziazioen egungo egoera, ezta Junquersek aurrekontuen gaineko eztabaida atzeratzeko proposamena ere.