22:02

Politika

Erreakzioak

EAJk Jaurlaritzak ETAren desarmerako egindako proposamena txalotu du

Erredakzioa

PPk nabarmendu du ETAri soilik dagokiola armak entregatzea eta PSE-EEk uste du Eusko Jaurlaritzaren proposamenak ez duela zentzurik.

  • Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko irudia: EFE

    Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

AURRERAPENA

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzerako igande honetan egindako proposamena.

Halaber, pausoak "ausartak, garbiak eta egiaztagarriak" emateko eskatu dio ETAri eta armagabetzeak, "bai ala bai", aldebakarrekoa izan behar duela ohartarazi dio.

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen oharraren berri izan ondotik, agiria argitaratu du Euzkadi Buru Batzarrak. Egiaztatzaileek ohar batean berri eman dutenez, ETAren txostenak jaso dituzte armagabetzearekin jarraitzen duela esanez, hau da, armak zigilatzeko eta armak, munizioa eta lehergaiak erabili ezinik uzteko. Jeltzaleen esanetan, "ez dago arrazoi objektiborik, ETAren erabakiaz haratago, ez dago inongo arrazoirik gizarteak eskatzen duen armagabetzea ez egiteko".

Hori dela eta, ETAri orain arte emandako pausoak baino ausartagoak, garbiagoak eta egiaztagarriagoak emateko eskatu dio.

Bestalde, EAJk txalotu egin du ETAren armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor baterako Eusko Jaurlaritzak egindako prozedura-proposamena, "gizartearen aurreko alde bakarreko keinu batean oinarritua, gizartearen, nazioartearen eta erakundeen babespean'' egingo zena.

Jaurlaritzaren proposamenak ez dauka zentzurik, PSE-EEren arabera

PSE-EEren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzerako egindako proposamenak ez dauka zentzurik, eta Urkulluren Gobernuari beharrezkoa ez den protagonismoa hartzea egotzi dio.

Alderdi Sozialistako iturriek Europa Press albiste agentziari esan diotenez, "zentzuzkoena" ETAk bere erabakia Espainiako Gobernuari adieraztea litzateke, "nahiz eta funtsezkoena borondate hori erakustea den".

Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenaren harira, nabarmendu du ez dagoela egiaztatzaileen batzordearen, armagabetzearen batzordearen eta bitartekarien beharrik.

PPk azpimarratu du ETAri soilik dagokiola armak entregatzea

Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularreko bozeramaileak azpimarratu duenez, ETAri soilik dagokio armak entregatzea eta, hori dela eta, "ez dago bitartekarien beharrik".

"Euskal gizarteak ez du itxurakeriak eta alferrikako antzezpenak ikusteko beharrik, eta bitartekariak ere ez dira behar. ETAk armak entregatu eta disolbatu egin behar du", gaineratu du.

Egiaztatzaileen oharrak ETAren erabakia berresten duela uste du Aralarrek

Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusiaren esanetan, egiaztatzaileek gaur argitaratutako oharrak berretsi egiten ditu ETAk emandako alde bakarreko pausoak. Uztailaren 20an armagabetzeari buruz argitaratutako oharrean, desarmearekin jarraitzen zuela eta taldearen logistika eta antolaketa deusezteko lanean jarraitzen zuela adierazi zuen.

Hori dela eta, Aralarrek eskerrak eman dizkie egiaztatzaileei "euskal gatazka konpontzeko egiten ari diren ekarpenarengatik".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • ETA gaur

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena