Politika
ETAren armagabetzea
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetze “azkarrerako” proposamena kaleratu du, “gizartearen, nazioartearen eta erakundeen babespean”.
Dokumentuak (1)
Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzerako proposamena iragarri du igande honetan, nazioarteko egiaztatzaileek desarmearen inguruan kaleratutako oharraren ostean. Izan ere, Nazioarteko Egiaztatzaileek Batzordeak gaur bertan adierazi du ETAk armagabetze prozesuari eusten diola.
Adierazpen horren ostean, ''armagabetze azkar, bideragarri eta eraginkor baterako prozedura-proposamena'' plazaratu du Jaurlaritzak, ''gizartearen aurreko alde bakarreko keinu batean oinarritua, gizartearen, nazioartearen eta erakundeen babespean''.
Dokumentu horretan bost puntu bildu ditu Jaurlaritzak eta, besteak beste, ETAren armagabetzea bideratzeko Armagabetze Batzorde bat eratzea proposatu dute. ETAk armen eta lehergailuen gordelekuen zerrenda Armagabetze Batzordeko kide den euskal gizarteko ordezkaritzari entregatuko lioke, eta horrek, era berean, Eusko Jaurlaritzari, legez dagokion moduan jardun dezan.
Hauek dira Jaurlaritzaren proposamenaren bost puntuak:
1. urratsa. ETAk euskal gizartearen aurrean armagabetzea onartuko du eta armagabetze batzorde baten lan onaren bitartez bideratzea. Batzorde hori gizarte, nazioarteko eta erakundeetako eragilez osatuta egongo da.
2. urratsa. Jakinaraziko den epe zehatz baten barruan, ETAk bere arma eta lehergailu guztiak aurki daitezkeen eta gizartearentzat seguruak izango diren gordeleku batzuetan ? gordeleku kopuru jakin batean? utziko ditu.
3. urratsa. Aldi berean, Armagabetze Batzorde bat eratuko da eta kideak honako hauek izango dira: Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin bildu izan zen Gizarte Foroko ordezkaritza bat, nazioarteko eragileen ordezkaritza bat eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkari. Eusko Legebiltzarrari batzordea babesteko eskatuko zaio.
4. urratsa. ETAk armen eta lehergailuen gordelekuen zerrenda Armagabetze Batzordeko kide den euskal gizarteko ordezkaritzari entregatuko dio.
5. urratsa. Gizarte-ordezkaritza horrek aipatutako informazioa Armagabetze Batzordeari emango dio eta horrek, era berean, Eusko Jaurlaritzari, legez dagokion moduan jardun dezan.
ETAri dei zuzena egin dio
Eusko Jaurlaritzak bere proposamenean dio ETAk jarduera armatuari behin betiko amaiera eman ziola iragarri zuenetik 38 hilabete igaro direla,"denbora luzeegia, inolako emaitza efektiborik gabe". "2014ko urtarrilean aurkeztutakoa behar baino pauso txikiagoa izan zen, itxura guztien arabera. Aurrerapausorik ezak eta iragarritako konpromisoak ?publikoki iragarritakoak barne? bete ez izanak frogatzen du ETA armagabetze-ezean eroso dagoela", gaineratu du.
Jaurlaritzaren iritziz, armagabetzean hiru urtean aurrerapausorik ez izateko, elkar elikatzen duten hiru arrazoi daude: Espainiako Gobernuaren laguntza eza, Estatuaren laguntzarik gabeko armagabetze baten zailtasun operatiboa eta ETAk erabakia atzeratzeko interes taktikoa izatea.
Urkulluren Gobernuaren esanetan, "hori ez da onargarria. Horren kostu sozial eta politiko handia euskal gizarteak ordaindu behar du, hipoteka bidegabe bat bailitzan".
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren ustez, ETAri dei zuzena egiteko garaia iritsi da. Ildo horretan, armagabetzeko prozedura azkar, bideragarri eta eraginkor baterako proposamen zehatza luzatu dio.
"Eusko Jaurlaritzak ETAri proposamen hau onartzeko deia luzatzen dio, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea delako. Armagabetze-eza ETA euskal gizarteari ordainarazten ari zaion hipoteka bat da. Armagabetzea ETAk euskal gizartearekin duen zor bat da. Eusko Jaurlaritzak gogoeta hauek eta proposamen hau Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari helarazi dizkio gaur bertan", amaitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa